Eguberrietako oporraldian 'haur txokoa' eskainiko dute Bortzirietan aurtengoan ere

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 13a, 10:10
Migel Mari Irigoien eta Jokin Apezetxea, Haur Txokoaren aurkezpenean.

 

Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatuta, abenduaren 19ra arte eman daiteke izena

Eguberrietan,  haurrei denbora libre jostagarria eta gurasoei mesede egiteko asmoarekin, Bortzirietako Oinarrizko Jendarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bidez  haur txoko edo ludoteka zerbitzua eskainiko da Arantzan, Beran, Etxalarren, Igantzin eta Lesakan abenduaren 27tik urtarrilaren 5era (biak barne). Izen ematea abenduaren 19ra arte egin daiteke, 20 euroko kuota ordainduz. Taldeak aurrera ateratzeko guttienez 10 pertsonek eman behar dute izena.

 

Arantza eta Etxalarko eskoletan, Igantziko Barazarrean, Lesakako Harriondoa Kultur Etxeko komentuan eta Berako Beralandetan eskainiko dute Haur Txokoa.

Izen ematea Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko 948 635036 telefonora deituz edo ssblesaka@lesaka.eus helbide elektronikora idatziz egin daiteke abenduaren 19ra bitarte, 20 euroko kuota ordainduta.

 

Zer da Haur Txokoa edo ludoteka?

Haur Txokoaren aurkezpenean, Bortzirietako Oinarriko Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidente den Migel Mari Irigoienek eta Jokin Apezetxea teknikariak aipatu zutenez, «Haur Txokoa da haurrek beren denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat, solidaritatean eta berdintasunean oinarritzen dena».

Bidenabar, zerbitzu honen bitartez, gurasoei aukera bat ematen diete seme-alaben heziketa bateratu ahal izateko euren lanarekin edo denbora librearekin.

Bortzirietako haur txokoak koedukazioan ikasteko eta elkartzeko gune bat izan  nahi du, eta bertan parte hartuko dutenak bultzatu nahi ditu, balore solidarioak praktikan jartzeaz gainera, errespetuaren eta elkar laguntzaren garrantziaz gogoeta egitera.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun