Bortzirietako bertso eskolaren XVIII. Taldekako lehiaketa berrikuntzekin dator aurten

Ttipi-Ttapa 2016ko abe. 5a, 07:00
Lehen aldiz, bakarkako galbahea pasatuko dute bertsolariek, finalerdietan ariko diren lau hirukoteak erabakitzeko.

Abenduaren 10ean jokatuko da eta lehen fase irekia eginen dute Berako Xugan, lau talderen arteko finalerdiak Lesakako Zialdon eta Haizeguan eta finala Arranon

Bortzirietako bertso eskolak hemezortzigarren aldiz antolatutako Taldekako lehiaketa jokatuko da abenduaren 10ean. Aurtengoan berrikuntzak izanen dira, lehen fase irekiaren ondotik, hiru bertsolariko lau talde osatuko dira.

 

Abenduaren 10ean, larunbatean 12:00etan jokatuko dira Berako Xugan lehen fase irekiko lehen bi kanporaketak. Ofizio bana zortziko haundian, ttikian edo hamarreko ttikian zozketaz, puntu bana eta hitza, objetua edo kanta zozketaz kantatuko dute. 14:00etan bazkaria eginen dute Xugan bertan eta bazkalondoan, 15:00etan bertze banakako bi kanporaketa jokatuko dituzte lan berarekin.

Bortzirietako eta Baztan-Malerrekako bertsolariez gain, Bilbo eta Zumarraga-Urretxuko Bertsotrukeko sei bat bertsolarik ere parte hartzekotan dira, eta parte hartu nahi duen guziarendako irekia egonen da.

Sailkatzen diren lehen hamabi bertsolariekin, suge sistemarekin hiru laguneko lau taldetan banatu eta Lesakara joanen dira finalerdiak jokatzera. Lehenbizikoa Zialdon jokatuko dute (1-8-9, 3-6-11ren kontra) eta bigarrena Haizeguan (2-7-10, 4-5-12ren kontra).

Finalerdietan nagusitzen diren bi hirukoteek finala Arranon jokatuko dute. 21:00etan afaria eginen da eta ondotik finala. Afarirako txartelak 15 eurotan  eros daitezke. Izena emateko bortzibertso@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 618963011 telefonora deitu behar da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun