Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

2017ko Nafarroa Oinezen eskualdeko aurkezpen desfile arrakastatsua egin dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 28a, 07:28
Ehun bat ikasle, ikasle ohi, guraso eta aitatxi-amatxik parte hartu zuen desfilean. Argazkia: Jon Martinez

Azaroaren 27an egin dute Harriondoa Kultur Etxean, ehunka lagunen aitzinean 

Ehunka lagun elkartu dira azaroaren 27an Lesakako Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoan 2017ko Nafarroa Oinezen eskualde mailako aurkezpen ekitaldietan, bi saio izan baitira. Heldu den urteko Nafarroa Oinez Tantirumairu Ikastolak antolatuko du Lesakan. Iruñean, azaro hasieran egindako aurkezpenaren ondoren, etxean bertan aurkeztu dira Oinezen helburuak, leloa, logoa eta materiala, desfile eta guzti. Ekitaldira bertaratu direnen artean, Bortzirietako hainbat udal ordezkari, gizarte eragile eta kultur eragilez gain, Ikastolako gaur egungo nahiz 42 urte hauetako historiako ikasle, irakasle eta gurasoak joan ziren. Igandean 16:30ean egin da lehen ekitaldia. Ehunka begi eta belarri, hainbat ikaslek, gurasok, irakaslek eta laguntzailek prestatutakoarekin gozatzeko irrikaz.

 

Lehenik, Arritxu eta Iratxe Muxika, ikastolako ikasle ohiek tobera joaldia egin dute. Hain zuzen, tobera burdinarekin jotzen den musika-tresna da eta datorren urte honetan Nafarroa Oinezen karietara antolatuko diren jardueretako anitzek, burdinak eta burdina lantzeak Lesakako historian izan duen garrantzia izanen dute ardatz. Gai horren inguruan landutako Behin batin bazen ipuina kontatu eta antzeztu dute ondotik, eta 2017ko Nafarroa Oinezen logoa eta leloa aurkezten dituen bideoa ere erakutsi dute. Hautatutako leloa, bikin bat in da eta ikurrak, betidanik Tantirumairu Ikastolaren atarian izan den intxaurrondoaren bi hosto irudikatzen ditu, bat egiten duten bi hosto, elkargune horren indarra eta auzolana irudikatuz. Leloa nahiz logoa gauzatzeko prozesua ikusi ahal izan da bideoan.

Ondotik, 29 urte eta gero heldu den urtean Lesakan eginen den bigarren Nafarroa Oinezen helburuak azaldu ditu Amaia Lasheras ikastolako lehendakariak, bai ekonomikoak, baita hizkuntzarekin, hezkuntzarekin eta herriarekin lotutakoak ere eta auzolanaren garrantzia azpimarratu du: «Auzolanean sortu zen ikastola, auzolanean finkatu, eta gaur egun ere auzolanean kudeatzen dugu gurasoen eta langileen artean. Baliabide ekonomiko gutirekin anitz egitera ailegatu gara: gutirekin anitz. Auzolana da gure oinarrietako bat eta horretan segitu nahi dugu». Aitor Iratzoki zuzendariak, bere aldetik, orain arte Nafarroa Oinezek jaso duen erantzun ona azpimarratu du: «Gaur gero, 160 pertsona gaude hamabortz batzordetan lan egiten. Horietatik 78 gurasoak dira; 40 ikasle ohiak; 25 langile eta bazkideak eta hamazazpi bertzelakoak. 50 lagun inguruk eman dute izena urte osoan laguntzeko eta Nafarroa Oinez egunean bertan lan egiteko». Laguntzeko prest dagoen guztiarentzat ateak zabalik daudela ere gogoratu zuen eta alde horretatik, eskerrak eman zizkien lehen urratsetan babesa eman duten babesle eta laguntzaile guztiei.

Ekitaldiaren azken zatian, pasarelan nahiz eszenatokian, ehun bat ikaslek, gurasok, amatxi-atatxik, ikasle ohik eta laguntzailek parte hartu dute Oinezeko arropa eta osagarrien desfile koloretsuan. Batzuk desfilatzen eta bertzeak koreografia ederrak erakusten… Bakoitzak ederki gauzatu du bere zeregina.

Desfilea bukatzeko, bortzgarren eta seigarren mailako ikasleek, Ze arraroa, euskararik gabe Nafarroa abestiarekin koreografia dotorea osatu dute.

Ordubeteko ekitaldia, hunkigarria eta beroa izan da. Estitxu Fernandez, Tantirumairuko ikasle ohi eta komunikatzaileak gidatu du saioa eta ikastolako bere oroitzapenak eta testigantzak kontatuz goxatu du aurkezpen-ekitaldi ederra.

Lehenbiziko saioa bukatu eta kultur etxearen atarian jarritako ostatuan pintxoren bat edo txokolate beroa hartu ondotik, bigarren emanaldi bat ere eskaini dute, Txokobiko aretoa ttiki gelditu baita aurkezpenak sortutako ikusminaren ondorioz.

Heldu den urtean Lesakan eginen den Nafarroa Oinezen aurkezpen ekitaldi arrakastatsuaren ondotik, auzolanean, urte bukaerak eta urte berriak emanen dituztenak antolatzen segituko dute lehengo eta oraingo Tantirumairu Ikastolako ikasle, irakasle, guraso eta laguntzaileek.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun