Aragoiko Jose Ramon Luna de la Ossak irabazi du Lesakako argazki lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 22a, 07:47
Jose Ramon Luna de la Ossaren 'Live' argazkiak lortu du lehen saria.

38 argazkilarik 111 lan aurkeztu dituzte Beti Gaztek antolatutako lehiaketara eta lanak ikusgai daude azaroaren 30era bitarte Harriondoako konbentuan 

Urtero bezala, Lesakako Beti-Gazte elkarteak Argazki lehiaketa antolatu du. Urrian argazkizale aunitzek beraien lanak aurkeztu zituzten. Guzira, 38 argazkilarik 111 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara, iaz baino guttixeago. 

 

Azaroaren 5ean erabaki zituen sariak Irungo Lamia elkarteko Fernando Larrukert, Doneztebeko Foto Zalduako Patxi Iriarte eta Irantzu Pastor argazkilariek osatutako epaimahaiak. Lehenbiziko saria Huescako Tarancón herriko Jose Ramón Luna de la Ossak lortu zuen, Live izeneko argazkiarekin. Honek 350 euroko sari bat eta garaikurra  eskuratu ditu. Bigarren saria (250 euro eta garaikurra), Logroñoko (Errioxa) Luis María Barrio Saenzek eskuratu, Azul izeneko lanarengatik.

Kirol argazki hoberenarentzako saria,  200 euro eta garaikurra, Jaengo Pedro José García Gonzálezentzat  izan da, Primer asalto argazkiarekin. Eta azkenik,  iaz bezala, Jon Martinez Etxabarri argazkilariak Lesakako egile hoberenarentzako saria lortu zuen, Bakardadea argazkiarekin. 200 euro eta garaikurra eskuratu ditu lesakarrak ere.

Argazki guztiak  Harriondoa Kultur Etxeko Komentuko elizan daude ikusgai azaroaren 30era bitarte. Erakusketa irekia egonen da ortzegunetik larunbatera 17:00etatik 19:30era eta igandetan 11:30etik 13:30era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun