Euskadiko 4x4 sokatira txapelketa irabazi du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 21a, 10:41
Euskadiko 4x4 sokatira txapelketako 320 kiloko podiuma. Argazkia: Murueta Sokatira taldea.

320 kiloko kategoriako aitzineko saioetan bezalaxe, larunbatean Ibarran jokatutako finalean ere tiraldi guztiak irabazi zituen

Joan den astean Nafarroako zortzinakako txapelketa irabazi ondotik, larunbat honetan Euskadiko 4x4 sokatira txapelketa ere irabazi du Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak. Zehazki, 320 kiloko kategoriako txapela lortu du Ibarran. Azaroaren 5ean Zamudion (Bizkaia) eta azaroaren 13an Anoetan (Gipuzkoa) egin zuen bezalaxe, Ibarrako finalean ere tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gazteko laukoteak.

Karmelo Mitxelena, Lander Landiribar (Amaiur), Alejo Sarobe eta Gerardo Telletxeak osatu dute Beti Gazteko laukoa eta Pascual Taberna izan dute erakusle.

15 puntuak lortu dituen Beti Gazteren ondotik, Ibarra B izan da txapeldun orde (12 puntu), Ñapurrak hirugarren (9 puntu), Murueta A laugarren (6 puntu), Txantrea bosgarren (3 puntu) eta Ibarra A seigarren (0 puntu).

 

Orain 300 kilokoan bi laukote

320 kilokoaren ondotik, 300 kiloko txapelketa hasiko da eta hemen bi talde plazaratuko ditu Beti Gaztek. Denera 12 talde ariko dira, bi multzotan banatuak. A multzoan, Beti Gazte A, Ibarra A, Murueta A, Txantrea, 6 Conceyos eta Berriozar ariko dira; B multzoan, Beti Gazte B, Ibarra B, Murueta B, Kaskallueta, Ustaritzeko Gazteria eta Ñapurrak ariko dira. Lehen jardunaldia azaroaren 26an jokatuko dute Artziniegan (Araba), bigarrena abenduaren 4an Asteasun (Gipuzkoa) eta hirugarrena abenduaren 17an Kortezubin (Bizkaia). Egun hauetan, emakumezkoen 260 kilokoa ere erabakiko da. Ibarra, Bizindar, Badaiotz, Txantrea eta Ustaritzeko Gazteria segurutik ariko dira eta Berriozarren partehartzea ez dago segurtatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun