Bizirik dela giltzurruna emateagatik saritu dute Martin Antzizar lesakarra

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 18a, 14:30
Martin Antzizar lesakarra (ezkerretik hasita hirugarrena), bertze saridun batzuekin.

ALCER elkarteak eman zien saria emaileei eta ebakuntzak posible egiten dituzten profesionalei

Giltzurrunetako eritasunak dituzten pertsonak biltzen ditu ALCER elkarteak. Bigarren urtez, bizirik daudela giltzurruna ematen duten emaileak saritu nahi izan ditu elkarteak. Martin Antzizar lesakarra da horietako bat. Lesakarrarekin batera, Maria Jose Casanova giltzurrun-emailea eta ebakuntzak posible egiten dituzten profesionalak ere saritu zituzten azaroaren 17an Iruñean egindako galan.

 

Martin Antzizarren kasuan, bizirik dagoela emandako giltzurrunari esker, Esperanza arrebak ez zuen dialisirik egin beharrik izan. Urte eta erdi pasatu da orduz geroztik eta oraindik esker oneko solasak ditu atenditu zuten lan-taldearentzako: «Medikua eta erizainek lan bikaina egin zuten eta arreta zerbitzua ere hagitz ona da, ederki zaindu gaituzte». ALCER elkarteak egiten duen lana ere goraipatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun