Aurten ere Sareuskak antolatuta Mintzodromoa izanen da Euskararen Egunean

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 18a, 14:25
Azaroaren 18an Urruñan egin den Mintzodromoaren aurkezpenean izan da Mentxu Peña, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakaria.

Hirugarren  edizioa da aurtengoa eta Donibane Lohizuneko Ravel Aretoan eginen da

2014ko irailaren 19an Hego Lapurdiko Hiriguneak, Euskara Mankomunitateak eta Bidaso Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak Sareuska, euskararen sarea sortu zuten. SAREUSKA egitasmoaren xede nagusia Bidasoaz bi aldeetako eskualdeetan euskararen erabilera bultzatzea eta dinamizatzea da. Helburua lantzearren 2017. urtera bitarteko plangintza garatu dute eta Mintzodromoa, bertan kokatzen den egitasmoetariko bat da. Hortaz, aurten ere SAREUSKAK Mintzodromoa antolatu du Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Mintzodromoaren III. edizioa Donibane Lohizuneko Ravel aretoan eginen da abenduaren 1ean, goizeko 10:00 eta 12:30 bitartean.

 

Bertaratutakoak, tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan mintzatuko dira mahai baten bueltan lauko taldetxoetan eta giro xamur eta lagunartekoan. Hiru gai ezberdin proposatuko dira 15 minutuz mintzagai gisa eta hizketalditxo hauetariko bakoitza, lagun talde ezberdinarekin eginen dute. Ekimenaren dinamizazioaz aurten 35 urte betzen dituen Gure Irratiko esatari Panpi Mercapide arduratuko da. Eta euskal kulturako pertsonaia ezagunek parte hartuko dute ekimenean: Kalakan musika taldea, Peio Ospital kantaria  eta Maialen Arzallus bertsolaria bertzeak bertze.

Hau horrela, haiekin solasean aritzeko eta haiek ezagutzeko aukera ere izanen da.  Giroa eta parte-hartzea bultzatzeko, hamaiketako goxo baten aitzakia ere izanen  da. 

Ekimenaren helburua finean, euskaraz mintzatzeko aukera bat gehiago eskaintzea da, batez ere euskara ikasten ari direnei, praktikarako jauzia egin dezaten. Baina era berean euskaldunen arteko harreman sareak ehuntzea ere bilatzen da ekimenarekin Izan ere, Mintzodromoan parte hartu ondotik, bertan egindako lagun berriekin, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu baitaiteke. Eta modu honetan euskaldun zahar eta berrien arteko igurtziak areagotzeko aukerak ere.

SAREUSKAK Mintzodromoan parte hartzeko deialdi berezia egin nahi  die Bortziriak,  Hego Lapurdi eta Irun-Hondarribiko euskaltegietako ikasle eta irakasleei eta baita ere mintzapraktika programetako parte-hartzaileei.  Hala ere, ekimena guztiz irekia da eta edozein euskaltzaleri zuzenduta eta irekia dagoela azpimarratu nahi dute.

Izena emateko aukera aipatutako tokietako euskara zerbitzuetan eta baita euskaltegietan ere izanen da, Eta Hondarribia eta Irundik ekimenera joateko autobus zerbitzua egonen da.

Toki hauetan guztietan izena emateko aukera izanen da azaroaren 28a bitartean eta ekimena doakoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun