Matias Irazoki zena omendu dute musikariek Beran azaroaren 12an

Ttipi-Ttapa 2016ko aza. 14a, 08:53
Matias Irazoki zenaren senide eta lagunak, kontzertuan parte hartu zuten musikariekin batera.

Xuga ostatuaren atarian kontzertua eskaini zuten Zizkuitz txarangak eta bertze zenbait musika taldek

Zizkuitz txarangak eta Berako eta inguruko bertze musikari batzuk Matias Irazoki zenari omenaldia eskaini diote azaroaren 12an, kontzertu batekin. Matiasen alargunarekin eta familiarekin batera, hainbat lagun bildu zen Berako Xuga ostatuaren atarian. 

Richar Abrilek aurkeztu zuen kontzertua eta lehenbizi, ohorezko aurreskua dantzatu zuen Jon Zelaietak. Kontzertuaren ondotik, oroigarri-koadro bat eman zioten musikariek Matias Irazokiren alargunari eta gero, Matiasen bizitzari buruzko bideo hunkigarria eskaini dute Xugan.

 

Matias Irazoki

Matias Irazokik herrian egiten ziren ekitaldi guztietan parte hartzen zuen, bai musika arloan, baita bertze edozeinetan ere eta horregatik 1977an ere omenaldia eskaini zitzaion. Musikari moduan, bere bateriarekin Bera eta inguruetako ezkontza gehienetan aritu da, Lagun Artea orkestako partaide izan baitzen. Horretaz gain, Musika Bandan, Abesbatzan, Otxotean, atabalari gisara ere aritu zen eta Larun txarangaren sortzaileetako bat izan zen. Laburbilduz, Beran musika emanaldi bat zen bakoitzean hantxe izaten zen Matias. Berako eta inguruko musikariekin ere harremana izan zuen eta Larun txarangaren lekukoa hartu zuen Zizkuitz txarangak (bertan jotzen zuten bere bi bilobak), txistulari taldeak eta bertze zenbait musikari eta musika taldek bat egin zuten larunbateko omenaldian.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun