5 milioi euro inguruko aurrekontua onartu du Berako Udalak aho batez

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 27a, 09:14
Udal aurrekontua behin behinekoz onartu du Berako udalbatzak.

Lesakako udalarekin batera 2017 urte hasieran egin gogo duten ur-hornidura proiektua izanen da inbertsio nagusiena 

Berako Udaleko Osoko Bilkurak urriaren 20an aho batez behin behinekoz onartu ditu 2017rako aurrekontuak, EH Bildu, Herrirako eta UPNko zinegotzien aldeko bozkekin. 5 milioi euro pasatxokoa izanen da aurrekontu osoa, 2016koan baino 170.000 euro gehiago.

 

Atal gehienetan ez dago aldaketa nabarmenik, eta oro har, zeuden horretan mantenduko dira ia sail guztiak. 2015ean eta 2016an ez du mailegurik eskatu Berako Udalak bide horretan segitu nahi du, udalaren zorpetze maila jausten segituz. Josu Iratzoki alkateak aipatu zuenez, «sarreren atalean aipatu aurten 2017-2019 Hirurteko plana martxan jarriko dela eta horri esker azpiegiturak, hau da ur hornidura, saneamentua eta zola berritze lanak egiteko dirulaguntzak izanen direla». Hau baliatuz, Agerra auzoko ur sarea berritu nahi dute, ur hornidura eta saneamentuko azpiegiturak berrituz eta euri urak eta ur zikinak bereiziz. Herriko bertze bide eta karrikaren bat moldatzea ere aurreikusten da. Lesaka-Bera ur hornidura proiektua egiteko 1.300.000 euro inguruko dirulaguntza mantentzen da 2009-2012 Planetik eta obra hori urte hasieran egin nahi luke Udalak. 2017an ezohiko bertze diru sarrera batzuk ere izanen dira, alde batetik Komiziarreko pinadegiaren salmentarekin 180.000 euro inguru lortzea aurre ikusten da eta Uxane etxearen salmentarekin 145.000 euro. Aipatu bezala, diru sarrera hauei esker, krediturik eskatu gabe egin ahal izanen dituzte 2017ko inbertsioak, udalaren zorpetze maila jausten segituz.

Inbertsioen atala, 2 milioi euro ingurukoa eta iaz bezala, Lesaka-Bera ur hornidura proiektua izanen da. Egitasmo osoaren aurrekontua 1.456.558,55 eurokoa da (gehi BEZa). Nafarroako Gobernuaren %90eko dirulaguntza izanen luke, gainerakoa ordaintzeko bi udalen artean adostu dute, Lesakako Udalaren ekarpena %3,5a izanen da eta Berako Udalak, berriz, proiektuaren %6,5 hartuko du bere gain.

Mendiko lanetarako, landaketak, garbiketak, pisten moldaketak eta gisakoak egiteko 130.000 euro inguru erabiliko dira, Agerra auzoko sareak berritzeko 80.000 euro edo karrikak moldatzeko 35.000 euro. Ez ohiko diru sarrerak baliatuz, 95.000 euro aurre ikusi dira erosketa eta expropiazioetarako. Garapen jasangarriaren bidean bi inbertsio garrantzitsu aurre ikusten dira. Alde batetik biomasa sarea ikastolaraino luzatzeko 40.000 euro erabiliko dira. Alkateak aipatu zuenez, «biomasa plantan bi galdara daude, bat 500 kw-koa eta bertzea 250 kw-koa, bi galdara hauek gaur egun potentzia soberan daukate hornitzen dituzten eraikuntzak berotzeko. Hau dela eta sarea luzatzeak instalazio hau aprobetxatzea ekarriko du». Bertze aldetik, led argiak jartzeko 30.000 euro erabiliko dira. «Ikusirik aurten Altzate karrikan egindako aldaketak emandako emaitza onak, %70 inguruko aurrezpena, bide honetan segitzea aurre ikusten da argi puntu gehiago aldatuz». Etxebizitzak berritu eta alokairuan jartzeko 20.000 euro aurre ikusi dira eta bakegintza eta bizikidetzari dagokionez, oroimen historikoari lotutako Oroitharri proiekturako (herri antzerkia, testigantzen bilketa…) 15.000 euro bideratuko dira. Bertze lanen artean, bigarren solairua eta ganbara libratzeko udaletxeko artxiboa sotoan jartzea eta lixutegiren bat moldatzea ere aurre ikusten dira.

Hasiera bateko onespenaren ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udal Iragarki Taulan jarriko dute udal aurrekontua, hamabortz laneguneko epean jendaurreanegonen da herritarrek eta interesatuak azter dezaten eta nahi dituzten erreklamazioak jar ditzaten eta epe hori iragan ondoren, erreklamaziorik ez balego, aurrekontua behin betikoz onetsitzat hartuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun