Nerea Sorondo beratarrak eta Josetxo Barberena ultzamarrak irabazi dute Nafarroako arpana txapelketa mistoa

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 24a, 10:50
Sorondo eta Barberena txapeldunak, Onsalo eta Eugi azpitxapeldunak eta Etxeberria eta KaƱamares hirugarrenak, igandean Altzateko plazan.

Hiru bikote lehiatu ziren igande arratsaldean Berako Altzateko plazan

Nafarroako arpana txapelketa mistoa laugarren aldiz jokatu da. Aldi honetan, urriaren 23an erabaki zen Berako Altzateko plazan, Lurraren Eguneko egitarauaren ospakizunen baitan. Hiru bikote izan ziren lehian eta etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 10 ebaketa egin behar zituzten. Hasiera batean, Nerea Sorondo beratarra Xabier Urrutia arraioztarrarekin aritzekoa zen, baina honen ordez, Iraizozko Josetxo Barberena aritu zen. Sorondo eta Barberenak lortu zuten txapela, lana 4 minutu, 9 segundo eta 34 zentesimatan bukatu ondotik.

 

Iaz Igantzin txapeldun suertatu ziren Itxaso Onsalo aresoarra eta Mikel Eugi ultzamarra bigarren izan ziren bortz segundora (4:14.47) eta hirugarren Arostegiko Imanol Kañamares eta Txantreako June Etxeberria gelditu ziren (5:04.69).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun