Lurraren Egunak osasuntsu bete ditu 30 urteak Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 24a, 10:43
Aurtengoan barazkiak Illekueta aldeko Merkatu Plazan jarri dituzte ikusgai.

Iaz bezala, Berako Garmendiko bordako Socorro Almandozek irabazi zuen gazta lehiaketa eta Maleteneko Alejandro Altzugurenek sagardoarena

Udazkeneko eguraldi goxoa lagun, jendetza bildu zen urriaren 23an Beran, Gure Txokoak hogeita hamargarren aldiz antolatutako Lurraren Egunean. Ehun eskulangile baino gehiagoren eta 40 elikadura produktuen postu baino gehiago hedatu ziren Altzateko karrikan, Altzateko Plazan, Ricardo Baroja eskolan eta besta egun honetangero eta protagonismo handiagoa hartzen ari den Illekuetako zubiko bertze aldean ere, Merkatuko Plazan. 

 

Hain zuzen, Merkatuko Plazan garai bateko laborantza tresnak eta postuekin batera, barazkiak jarri dira aurten eta Martikoren 30. Urteurrenaren harira antolatutako Txiki Chef lehiaketako saridunek pintxo bikainak eskaini zituzten dastatzeko. Bertan zen David De Jorge, ETB2ko “Robin Food” programaren aurkezlea ere.

Bien bitartean, 30. Gazta lehiaketako eta 19. Sagardo lehiaketako epaimahaiak lanean ari ziren, azken hauek Karnesenean, Altzateko etxe historikoan.

Gazta lehiaketan hameka ale aurkeztu ziren eta horien artean, iaz bezala, Berako Garmendiko bordako Sokorro Almandozek eraman zuen 220 euroko lehen saria eta Arantzako Seroren bordako Margarita Madariagak bigarrena, 100 eurokoa. Sagardo lehiaketara, berriz, 19 botil sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, Berako Maleteneko Alejandro Altzugurenek aurkeztutakoak eskuratu zuen 200 euroko lehen saria. Lesakako Lauen Ametsako Joxe Elgorriagak 75 euroko bigarren saria eraman zuen.

Egun osoan, besta giroa bizitu zen Beran eta horretan lagundu zuen musika eskolako trikitixa taldeak, musika bandak, txistulari eta txalapartari taldeek eta musika eskolako talde zeltiarrak. Ikastetxe ezberdinetako ikasleek ere, bere produktuak eta zozketak salgai paratu zituzten, gehienek ikasbidaiak ordaintzeko.  Gure Txokoa elkarteak heldu den urteko egitaraua eta Eguberrietako loteria salgai jarri zuen eta margo lehiaketako hirugarren saria lortu zuen margolana ere zozketatu zuen. Lurraren Eguneko lantaldeak taloak prestatu zituen. Ikastolako aretoan, Rosa Errandoneak paratutako argazki erakusketa ikusgai izan zen, Urtebete Beran izenburua zuena. Aipatzekoa da Errandoneak 1995ean lehen erakusketa paratu zuenetik 3.629 argazki eta prentsa errekorte plazaratu dituela.

Aipatzekoa da sari banaketaren ondotik, oroigarria eskaini ziela Berako Herriko Etxeak Bittori Telletxeari eta Juan Mari Adori, 30 urte baitaramazkite Lurraren Egunaren ntolaketa lanean.

Bezperan, hamargarren barazkiopil lehiaketa ere egin zen. Hameka koadrilen artean, Itxaso, Gurutze eta Ainhoa taldeak lortu zuten lehen saria, Juan Mari Adoren zur lana, 100 euro eta kaja bat ardo. Bigarren saria, kaja bat ardo, Zelaieta Express taldeak eskuratu zuen.

Goizean, Jakoba Errekondok solasaldia eskaini zuen Beralandetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun