Beti Gazte izanen da aurten ere eskualdeko ordezkari bakarra Nafarroako sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 19a, 08:45
Lesakako Beti Gazteko sokatira taldea, joan den urteko txapelketan.

600 kiloko txapelketa jokatuko dute gizonezkoek zortzinaka eta 420 kiloko txapelketa mistoa eta emakumeen 375 kilokoa ere jokatuko dute seinaka urriaren 23tik aitzinera

Igande honetan, urriaren 23ean abiatuko da Nafarroako 8x8 sokatira txapelketa. Gizonezkoek 600 kiloko kategorian jokatuko dute bakarrik eta Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Sei seiren kontrako txapelketa mistoa ere jokatuko da, 420 kiloko kategorian eta emakumezkoena 375 kiloko kategorian eta hauetan ez da eskualdeko ordezkaririk izanen.

 

Lehen jardunaldia urriaren 23an, igande eguerdiko 12:00etan hasiko da Iruñeko Refena aretoan. Gizonezkoetan, 600 kiloko kategorian, Lesakako Beti Gazterekin batera, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira. 6x6 txapelketa mistoan, berriz, 420 kiloko kategorian, Berriozar A eta B, Txantrea eta Kaskallueta ariko dira. Emakumezkoen 375 kiloko kategorian, Berriozar eta Txantrea lehiatuko dira.

Bigarren jardunaldia azaroaren 6an, 17:00etatik aitzinera jokatuko dute Lesakako udal pilotalekuan eta hirugarren eta hondar jardunaldia azaroaren 12an, 18:00etan Berriozarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun