Etxalarko Usategietako denboraldia urriaren 1ean abiatu da

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 29a, 08:35
Sare bidezko uso harrapaketa ezagutzeko aukera izanen da larunbatetik aitzinera.

Bisita gidatuak ere eskainiko dituzte azaroaren 20ra bitarteko larunbat, igande eta besta egunetan

Urriaren 1ean, hasi da 2016ko Etxalarko Usategietako sare bidezko uso harrapaketa sasoia eta bertan lan egiten duten 12 usazaleak goiz goizetik han izan ziren sasoia prestatzen. Egun berean, tradizio xahar hau ezagutzeko bisita gidatuak ere martxan jarri dira, aurtengoarekin 14 urte betetzen direlarik bisitak hauek antolatzen hasi zirenetik. Urtero bezala, urriaren 1a eta azaroaren 20a bitarteko larunbat, igande eta besta egunetan burutuko dira bisitak. Irteera goizeko 11:00etan izanen da.

 

Etxalarko Usategietan, 600 urte baino gehiago dituen sarezko uso harrapaketaren tradizioa bizirik ikusteko aukera dago. Sistema berezi honek, ez du inolako arma beharrik usoak harrapatzeko eta talde lanean burutzen da, paletak edo makilekin (paletekin) usoei altuera jeitsiz, zatarrekin hauek izutuz eta sareen azpian bizirik harrapatuz. Hainbeste urtez bizirik irauteagatik eta Iberiar penintsulan bakarra izateagatik, tradizio hau gure hondare kulturalaren partaide da eta BIC (Bien de interés cultural) bezala izendatua dago. 

Tradizio hau ezagutzeko, bakoitza bere kabuz sareetara hurbiltzeko aukera dagoen arren, bisita gidatua aukeratzen dutenek, ehiza eremu mugatuan sartzeko aukera izanen dute, sistemaren xehetasun guztiak ezagutzen dituzten bitartean eta usoa etorriko balitz, prozesu guztia bertatik bertara ikusiko lukete, hau, eguraldia eta zortearen gain gelditzen den arren. Bisitaren iraupena, 60 minutu ingurukoa da  eta prezioa berriz, 5 eurokoa da pertsonako eta 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat eta haurrentzat (6-12 urte), 4 euro pertsonako. Bisitaz gain, ikusentzunezko bat ikusteko eta sareetako behatokira sartzeko aukera ere badago, bertatik, usoa datorrenean, sareetan nola sartzen diren hobeki ikusten baita.

Bisita egiten interesatuak egonez gero, 690 267756 telefonora deitu behar da, edo usategiak@etxalar.eus helbidera idatzi eta informazio gehiago www.etxalar.eus edo www.etxalarturismo.com orrietan aurkitu daiteke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun