Aizarnazabalgo Manuel Gorriti eta Argi nagusitu dira Igantziko XXXVI. Artzain Zakur lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 26a, 15:55
Manuel Gorriti eta Argi irabazleak, Juankar Unanua Igantziko alkatearekin batera.

Gazta lehiaketan hamar aurkeztu ziren eta Antsoneberriko Enkarnita Etxeberria suertatu da garaile

XXXVI. Artzain-zakur lehiaketa egin zen irailaren 24an Igantziko Elustan. Sei artzain aurkeztu ziren beraien zakurrekin eta  Aizarnazabalgo Manuel Gorriti eta Argi bere zakurra suertatu ziren garaile, 143 punturekin. Bigarren postua, iazko irabazleek, Zumaian bizi den Mikel Garaiar oiartzuarrak eta Lucky zakurrak lortu zuten (138 puntu) eta hirugarrenpostua Itsasuko Jean Paul Irikin eta Listo zakurrak (129 puntu).

 

Gainerako hiru zakurrek eta artzainek ez zuten lehen proba gainditzerik izan.

Sari banaketan, Juankar Unanua Igantziko alkateak eman zion zapela eta kopa irabazleari.

 

Hamekagarren Gazta lehiaketa

Artzain Zakur lehiaketaz gain, besten aitzineko asteburua ekitaldiz betea joan da Igantzin. Igande eguerdian, XI. Gazta lehiaketa egin zen. Hamar gazta aurkeztu ziren eta horien artean, Antsoneberriko Enkarnita Etxeberria suertatu zen garaile,  Argarategaraiko Elena Retegik lortu zuen bigarena eta Argarateko Maixe Lizardik hirugarrena.

Larunbat goizean, berriz, plater tiroketa izan zen Ziobin eta hamar partehartzaileen artean, Xabat Matxikote suertatu zen garaile. Larunbat eguerdiko patata tortilla lehiaketara, berriz, lau tortilla egile aurkeztu ziren eta Angel, Luken eta Danel Urtxegi aita-semeak suertatu ziren txapeldun.

Lehiaketez gain, herriko dantzarien saioa, bertso-txiste afaria, haurren herri kirolak, ardo dastaketa, kankailu eta buruhandien karrikabuelta trikitilariekin eta gazte eta opil dastaketa ere izan ziren asteburuan Igantzin.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun