San Martingo ur zikinen tuboa lurperatzeko eskaria egin du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 23a, 14:24

San Martingo presa eraisteko obren ondorioz agerian gelditu da

San Martingo ur zikinen tuboa lurperatzeko eskaria eginen dio Berako Udalak NILSA erakundeari, irailaren 15eko plenoan ahobatez hartutako erabakiaren arabera. Bidasoa ibaian, San Martingo presa eraitsi ondotik agerian gelditu da tuboa.

Berako Udalak tuboa lurperatzea eskatu du, uholderen baten ondorioz tuboa hausteko arriskua baitago eta horrek, ur zikinak zuzenean ibaira isurtzea eraginen luke.

Josu Iratzoki alkateak aipatu zuenez, «berako saneamenduko tuboa, gaur egun arte Bidasoa ibaian zolan zegoena orain agerian gelditu da, uholderen batek hausteko arrisku handiarekin. Arazoari behin behineko irtenbidea ematen ari dira saneamenduko hodi hau azpiko aldetik babestuz, presa botatzeko proiektuaren lanen barrenean. Hala ere irtenbide hau behin behinekoa izan daitekeela uste dugu, baina ezin du behin betiko irtenbidea izan».

Hori dela eta, Udalak bi eskari eginen dizkio NILSAri, ahobatez onartutako erabakiarekin. Alde batetik, aztertu dezala hodi hau ibaiaren zolan lurperatzeko egin beharreko lanak eta aukera desberdinak. Bertzetik, udalarekin harremanetan segi dezala planteatzen diren irtenbideak kontrastatuz eta irtenbiderik onena bilatu asmoz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun