Etxalarko Usategien enkantean behin betiko esleipenak eman dituzte irailaren 13an

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 14a, 15:13
Irailaren 3ko lehen enkantean parte hartu zuten ehiztariak, Etxalarko Herriko Etxean.

Denera 36.255 euro jasoko ditu Etxalarko Udalak azkenean

Etxalarko Iarmendiko Usategietako ehiza postuen bigarren enkantea egin zen irailaren 13an, astearte arratsaldean. Zehazki, sesta emandako 12. eta 21. postuak eta lehenbiziko enkantean hutsean gelditu ziren bertze sei postu ere sartu ziren bigarren enkante horretan. Azkenean, 36.255 euro bilduko ditu Etxalarko Udalak, hasierako prezioa baino 2.710 euro gehiago.

 

Zehazki, sesta eman ondotik, 12. zenbakiko postuaren lizitazio-prezioa 2.015 eurotan gelditua zen eta 21. postuarena 2.595 eurotan. Hamabigarren postu horrengatik izan zen lehiarik handiena, 100 tanto eskaini baitziren astearteko enkantean eta azkenean 3.015 eurotan eman zen. Hogeita batgarren postuarengatik 10 tanto eskaini ziren eta 2.695 eurotan eman da.

Irailaren 3an hutsean gelditutako sei postuak ere sartu ziren bigarren enkante honetan ere. 13. Postuaren hasierako prezioa 1.425 eurokoa zen eta 54 tanto eskaini zirenez, 1.965 eurotan eman da azkenean; 15. eta 19. postuen hasierako prezioa 900 eurokoa zen eta lehenbizikoa prezio berean eman zen eta bigarrenarengatik 60 tanto eskaini ziren, 1.500 euro eskuratuz denera; 16, 17 eta 18. Postuen hasierako prezioa 700 euro bertzerik ez bazen ere, bigarren enkantean ere hutsean gelditu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun