Gure txokoak Matzada futbol zelaia erabiltzeko hitzarmena sinatu du Berako Udalarekin

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 24a, 07:38
Berako alkateak eta Gure Txokoa Elkarteko ordezkariak asteartean sinatu zuten akordioa.

12 urteko balioa izanen du hitzarmenak

Gure Txokoa elkartea arduratuko da Matzada zelaiaren kudeaketaz datozen 12 urteetan eta trukean zelaia erabiltzeko baimena izanen du.  Egin beharreko hobekuntza lanen ardura ere elkartearen esku egonen da, Udalaren laguntzarekin. Dena den, beharrezkoa denean, Udalari, ikastetxeei eta herriko elkarteei zelaia utziko die Gure Txokoak. Hitzarmen honen baitan, zelai naturala belar artifizialagatik aldatzeko lanen inguruko xehetasunak zehaztu dituzte.

Belar artifiziala jarrita futbol zelaia egunero erabili ahal izatea lortu nahi dute «orain artean, belar naturalarekin ez zen posible hondatu egiten zelako». Lanak dagoeneko hasiak dituzte eta lehenbiziko fasean futbol zelaiaren inguruko perimetro bateko eta itxierako belarra aldatuko dituzte. Hobekuntza lan hauen kostua 500.000 eurokoa izanen da eta horietatik zatirik handiena, 380.000 euro zelai artifiziala jartzera bideratuko dira. Udalak mantenimendu gastuak ordaintzeko 20.000 euroko laguntza emanen dio aurten ere Gure Txokoari.

Duela urte asko hasi zen Gure Txokoa elkartea, inguruko Udalen laguntzarekin, obra hauek egiteko finantziazio bila eta urtez urte, Nafarroako Gobernuaren eta Futbol Federazioen ezezkoa jaso izan dute. Aurten ordea, Futbol Federazioak baiezkoa eman die eta Gure Txokoak proiektuari heldu dio. Berez, hiru zatitan ordaindu ohi direlako gisa honetako proiektuak: Gobernua, Futbol Federazioa eta Udalaren artean. Horregatik, Udalarekin batera, Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gizarte gaietako arduradunekin elkartu ziren obrak finantzatzeko laguntza eske. Egoera ekonomikoa tarteko laguntza hori ematea ez dela posible erantzun zien Gobernuko ordezkariak eta azkenean Gure Txokoak bere gain hartu du zati horren ordainketa eta laguntzeko, lortutako patrozinio guztiak desgrabatzeko konpromisoa hartu du Gobernuak. Hala, hogei elkartek Gure Txokoari patrozinio bidez emanen dien laguntzari esker lortu da dirua, Nafarroan lehenbizikoz gertatzen da antzeko zerbait.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun