Lesakako liburutegia Harriondoa Kultur Etxera leku aldatzen hasiak dira

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 9a, 10:24
Aste honetan altzariak jartzen hasiak dira Lesakako liburutegi berrian.

Abuztuaren 8an itxi zituen ateak Herriko Etxeko hirugarren solairuko aretoak eta urri aldera irekiko dute Kultur Etxekoa 

Lesakako liburutegi publikoak egoitza berria izanen du urritik aitzinera. Abuztuaren 8an, astelehenean, Herriko Etxeko hirugarren solairukoa itxi eta Harriondoa Kultur Etxean izanen duen leku berrira aldatzen hasiak dira. Gaurgero, altzariak jartzen hasiak dira eta orain, 18.000 bolumenak eta materiala eraman beharko dute. Abuztu eta irail osoa beharko dutela uste dute.

 

Aste honetan hutsik zegoen Kultur Etxeko eremuan altzari berriak jartzen eta liburutegian zegoen materiala antolatzen, babesten eta enpaketatzen hasiak dira.

Liburutegi berriak 380 metro koadro erabilgarri izanen ditu (gaur egungoak 240 ditu) eta irakurketarako 82 toki (58 helduendako eta 24 haurrendako), baita Interneten kontsultak egiteko sei ordenagailu ere. Haurrendako eremua, helduendako irakurketa eta estudio eremua, hemeroteka, ikusentzunekoen eremua eta talde-lanetarako aretoa izanen ditu. Astean 30 orduz irekia egonen da liburutegia, astelehenetik ortziralera, 15:00etatik 21:00etara.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun