Iñaki Mihura arraioztarra eta Ana Cruz pasaitarra izan dira Berako III. Gau Krosseko irabazleak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko abu. 2a, 11:03
Gizonezkoen eta emakumezkoen probetako hiru lehenbiziko sailkatuak.

118 korrikalari bildu ziren abuztuaren 1ean Manttalek antolatutako lasterketan

Iñaki Mihura Arraioztarra eta Ana Cruz Oiarzabal pasaitarra izan dira abuztuaren 1ean, astelehen arratsean jokatutako Berako III. Gau Kroseko garaileak. Mihurak 32 minutu baino pixko batt gehiago behar izan zuen (32.29) errepide eta mendiz osaturiko 7 kilometroko eta 300 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea burutzeko. Fernando Etxegarai beratarra eta Dani Iparragirre aranztarra izan ziren hurrenez hurren podiumean. Mihurak Didier Zagoren lekukoa hartu du palmaresean, azken hau 2015ean garaile izan baitzen.

 

Emakumezkotan Ana Cruz izan zen garaile, bere ahizpa Inma Cruzen eta Ane Elzaurdia beratarraren aurretik.

118 partaide bildu ziren lasterketan, eta giro ezin hobean joan zen gaua, bai partaidetza aldetik eta baita ikusleen aldetik ere. Zinaurriak koadrilak irabazi zuen korrikalari gehien aurkeztu zituen koadrillaren saria, baita lehen sailkatua taldekako sailkapenean ere, Attonkaxku koadrilaren aurretik.

Manttaleko partaide den Ibai Iturriak diseinatuta, denborak, dortsalean ezarritako txip baten bidez kontralutu ziren lehenengo aldiz lasterketa honetan. Alkaiaga Trailean estreinatu zen sistema hau uztailean.
Proba bukatzerakoan, eta sari banaketa ondoren, luntx bat eskaini zuten.

Lerro hauen bitartez, eskerrak eman nahi dizkie Manttale taldeak, «bolondres, erakunde, enpresa eta lagundu gaituzten jende guztiari».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun