12 hirukotek parte hartu dute VII. Alkaiaga Trail lasterketan

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 26a, 15:34
Alkaiaga Traileko lehen erreleboko partehartzaileek, helmugatik abiatzerakoan.

Arantzako Amaia Lukanbio, Imanol Lukanbio eta Dani Iparragirre suertatu ziren garaile

Hamabi hirukotek parte hartu zuten uztailaren 23an Manttale Mendi Lasterketa taldeak zazpigarren aldiz antolatutako Alkaiaga Trail lasterketan. Partaide gehienak beratarrak ziren arren, Bortzirietako bertze herrietatik eta Iparraldetik ere animatu ziren. Horren erakusgarri, Arantzako Amaia Lukanbio, Imanol Lukanbio eta Dani Iparragirrek osatutako hirukotea izan zen garaile (52 minutu eta 38 segundoko denborarekin) Alkaiaga auzoko bestetan erreleboka jokatzen den lasterketa honetan. 

 

Lapurditik etorritako hirukotea, Severine Duhalde, Stephan Duhalde eta Mikael Duhart korrikalariek osatutakoa izan zen bigarren hamar segundora (52.58) eta Ane Elzaurdia, Ion Errandonea eta Gwendal Larqué beratarrek osaturikoa hirugarren (53.48). Auzoko besten komiteak eta Manttale taldeak antolatutako lasterketa honek, hiruko taldeetan, erreleboka auzoko 3 ibilbide desberdin gauzatzea dauka helburu bezala. Lehenengo erreleboa, gehien bat emakumezkoena izan zen, 2 kilometrotakoa (75 metroko desnibela), eta bertan, gerora bigarren eta hirugarren izan ziren taldetako Severine Duhalde eta Ane Eltzaurdia kasik batera igaro ziren (13:34 eta 13:35), gainerako neskak minutu luzera zituztela.

Bigarren erreleboan, 3 kilometrotako ibilbidean (150 metroko desnibela) lidertzak lapurtarren eskuetan jarraitu zuen Stephan Duhalderekin, baina Arantzako hirukoteko  Imanol Lukanbiok hamar segundora murriztua zuen aldea. Podiuma osatu zuen Berako hirukoteko Ion Errandonea liderretik minutu erdi eskasera igaro zen.

Probaren azken erreleboan gauzatu zen aranztarren erremontada. 4 kilometro luze eta 155 metroko desnibela gainditu behar zuten eta Dani Iparragirrek Mikael Duhart gainditu zuen eta 10 segundoko abantaila atera zuen helmugan. Minutu eta hamar segundora ailegatu zen Gwendal Larque. Gainerako hirukoteak dexente gibelerago helmugaratu ziren.

Helduen lasterketa baino lehen, haurrentzako lasterketak egon ziren urtero bezala, parte hartze kopuru haundiarekin. Sari banaketa eta gero, afaria egon zen, parte hartzaile, ikusle, eta auzoko bizilagunentzat, giro ezin hobean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun