Zaborrontzi berdearen tapa berria ailegatu da Etxalarrera

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 26a, 08:02
'Etxalar, herri eredugarri' kanpainaren baitan, karakterizazioa eta pisaketak ere egin dituzte.

Hondakinen inguruko hitzaldi informatiboa eskainiko dute adituek uztailaren 28an Etxalarko frontoian

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak Etxalar, herri eredugarri! lelopean martxan duen kanpaina une garrantzitsu batera ailegatu da. Orain arte, lorategietako eta kimaketa hondarrak botatzeko gunea egokitu da, hondakin bereziak biltzeko "Garbigune ttikia" izeneko etxola jarri da, karakterizazioa eta pisaketak egin dira, auzo konpostagune berria muntatu da eta etxez etxe bizilagun guztiei bixitak egin zaizkie. Hurrengo urratsa zaborrontzi berdeei tapa ixtea izanen da eta tapa txikia paratzea. Horregatik, Etxalarko zaborrontzi berde guztiak aldatuko dira. Honekin lortu nahi dena da hondakinak nahasita botatzen ez segitzea eta birziklapen tasak handitzea.

 

 

Hitzaldi informatiboa

Horregatik, uztailaren 28an, ortzegun arratsaldeko 6etan, hondakinen inguruko hitzaldi informatiboa eskeiniko da Etxalarko frontoian. Etxalartar guztiak eta gaiaren inguruan interesdunak gonbituta daude hondakinei buruzko Nafarroako adituenak entzutera. Hitzaldia hasteko, herriko alkate eta Mankomunitateko presidente den Migel Mari Irigoienek agurra eta aurkezpena eginen du; Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak etorkizuneko erronkak hondakinen kudeaketan azalduko ditu; Raul Salanueva, Ingurumen Departamentuko Hondakin saoleko buruak Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integratu berria eta Nafarroako Hondakinen Legea aurkeztuko ditu; Iñaki Urrizalki, Nafarroako Hondakinen Partzuergoko gerentea Nafarroako hondakinen garraio eta tratamenduaz ariko da eta David Morales, Vermican Soluciones de Compostaje-ko gerenteak kanpainaren inguruko informazioa, helburuak, datuak eta emaitzak plazaratuko ditu.

Ondoren, zaborrontzi berdeak izanen duen tapa berria erakutsiko da, gero Etxalarko zaborrontzi guztiei paratuko zaiona.

Hondakinen Legearen arabera, 2020. urterako %50 birziklatu behar dugu, eta Nafarroan 2025erako materia organikoaren %70 bereiz bildu. Gure zonaldean, joan den urtean, %35,18 birziklatzera ailgatu ginen eta materia organikoarean %25. Ikerketen arabera, gaur egun etxean sortzen ditugun hondakinen %10 inguru baino ez dira zaborrontzi berdera bota behar (pardelak, hautsitako jostailuak, ispiluak, edalontziak, etab.). Bertze guztientzat baditugu edukiontzi edo zerbitzu desberdinak. Orduan, zergatik segitzen dugu %65 zaborrontzi horretara botatzen? Hondakin horietako aunitz birziklagarriak izan arren, nahasita botatzen ditugunez lurperatu egiten dira, lurra eta ura kutsatuz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun