Skeet Olinpikoan Presidentearen Kopa eta Espainiako txapelketa irabazi ditu Itsaso Fagoaga lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 20a, 11:24
Itsaso Fagoaga podiumaren koxkarik gorenean, Espainiako txapelketa bederatzigarren aldiz irabazi ondotik.

Espainiako txapelketa bederatzigarren aldiz lortu du uztailaren 16an Granadan

Lan aferengatik estatu mailako Skeet olinpikoko lau konpetizioetatik bitan bakarrik parte hartu du Itsaso Fagoaga lesakarrak eta bietan garaipena lortu du. Uztailaren 2an Presidentearen Kopa irabazi zuen Valladoliden eta uztailaren 16an Espainiako txapelketa irabazi du Granadan.

 

Presidentearen Kopari dagokionez, krisiaren eraginez zenbait urtez jokatu gabe egon ondotik aurten antolatu dute berriz. Fagoagak emaitza ona lortu zuen. Konpetizioan 75 plateretik 67 hautsi zituen (berak duen Espainiako errekorretik 3 platerera). Finalerdian 16 platererik 12 hautsi zuten eta Madrilgo Pilar Calvoren kontrako buruz buruko finalean 16tik 13 hautsi zituen (madrildarrak baino 2 gehiago), Presidentearen Kopa irabazteko.

Larunbat honetan Granadan jokatu den Espainiako txapelketan markak ez dira hain onak izan. Eguraldiak ere ez zuen hainbertze lagundu, eguzkiak aunitz berotzen baitzuen eta horretaz gain, haize zalarra zebilelako. Lehenbiziko bi serietan nonbait hor, 25etik 20 eta 25etik 22 plater hautsi zituen lesakarrak. Hirugarrenean, ordea, bertze partehartzaile guziak bezala, okerrago ibili zen. Finalerdian 16tik 9 plater hautsi eta lortu zuen finalean sartzea. Berriz ere Pilar Calvo madrildarraren kontra jokatu zuen finalan 16tik 10 hautsi eta bederatzigarren aldiz Espainiako txapelketa irabaztea lortu zuen.

Hain zuzen, 2006an lortu zuen Itsaso Fagoagak Espainiako lehen txapela, Ione ahizpari lehen aldiz irabazita. 2011n eta 2014an ez zuen parte hartzerik izan, baina geroztik, jokatu dituen txapelketa guztiak irabazi ditu. Urte guzti hauetan lagundu dioten familia, lagun, bikote eta babesleak eskertu nahi izan ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun