Haurren neuroerrehabilitazioa eta ureko terapiei buruzko ikastaroa prestatu dute

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 18a, 07:22

Abuztuaren 29tik irailaren 2ra eginen dute Lesakako udal igerilekuan

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Bortzirietako Guztiok taldeak, Lesakako Osasun Zentroak eta Lesakako Udalak antolatuta haurren neuroerrehabilitazioa eta ureko terapiei buruzko ikastaroa eginen da abuztuaren 29tik irailaren 2ra udal igerilekuan.

20 orduko ikastaroa izanen da, erdia teorikoa eta erdia praktikoa, uretan eta buruko garapenean arazoak dituzten pertsonekin (haurrak bereziki) aritzen diren profesiona, boluntario eta familiei zuzendua dago gehien bat. Matrikulazioa 75 euro gostako da.

Lehen eguneko sarrera eta formakuntza Ana Beatriz Bays, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta fisioterapeutak eskainiko du, abuztuaren 29an, astelehen goiz-arratsaldez.

Hurrengo egunetan arratsaldez bakarrik ariko dira. Abuztuaren 30ean (asteartea), Arreta Goiztiarreko neuroerrehabilitazioa landuko dute Naiara Navarro Nieto fisioterapeutak eta estatu mailan haurren hidroterapian erreferente den Jose Luis Sirerak. Abuztuaren 31n (asteazkena), eskola adineko haurren neuroerrehabilitazioa landuko du Naiara Navarro berak. Irailaren 1ean (ortzeguna),  Nafarroako Aspaceko errehabilitazioari buruzko saioa eginen du Berako Uxane zentroan aritzen den Naiara Arriaga fisioterapeutak. Irailaren 2an, neuroerrehabilitazioaren baitan terapeuta okupazionalaren lana azalduko du Rebeca Fernandezek. Horretaz gain, Bortzirietako programaren protokolo aldaketaren proposamena aurkeztuko du Belen Compains, Lesakako Osasun zentruko pediatrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun