Juan Carlos Unanuak beteko du Igantziko alkate lana

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 15a, 11:44
Juan Carlos Unanua izanen da Igantziko alkate datozen hiru urteetan.

Zazpi lagunek osatzen dute Herriko Etxea kudeatuko duen lan taldea eta ardurak banatu berri dituzte 

2015eko udal hauteskundetan ez zen zerrendarik aurkeztu Igantzin. Hortaz, lehengo agintaldiko udal ordezkariak ari ziren jardunean. Ekainaren 8an Nafarroako Gobernuak hartutako akordioan, Igantziko udala kudeatuko duen batzordea izendatu zuen. Zazpi pertsonek osatzen dute eta beraien artean izendatu dute presidentea, hau da, Igantziko alkatea izanen dena. Juan Carlos Unanua Navarrok beteko du ardura hori.

 

Berekin batera Xabier Sarasola Salegi, Aiert Retegi Telletxea, Raquel Migelena Telletxea, Manuel Telletxea Iparragirre, Jone Urtxegi Dorronsoro eta Ana Jose Irigoien Etxebeste dira Herriko Etxea kudeatuko duen lan taldea.

Juan Carlos Unanua alkateak aipatu duenez, «oraindik lur hartzen ari gara eta Herriko Etxean zer lan bete behar diren ikusten eta martxa hartzen ari gara. Jardunean aritu den lehengo udalaren lekukoa hartu eta geldirik zeuden gauzak desblokeatzen hasiko gara». Egoera kezkagarria izan dela aipatu du alkateak, «erosotasunean lasai egoten da, baina norbaitek hartu behar du ardura. Horretan hasi gara. Helburu nagusia Herriko Etxeari jarraipena ematea da, ahal dugun guztia eman eta gauzak ongi egiten saiatzea da, herria hobetzeko. Eskertzekoa da lehengo udalak eman digun babesa eta laguntza ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun