Guttiago falta da 2017ko Sanferminetarako Lesakan

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 11a, 11:23
Peñen eguneko danborradaren aginte-makila Mikel Mutuberriari pasatu zion 20 urtez aritu den Xabier Ariztegik. Bezperakoa, berriz, Amaia Telletxea Mendigutxiak izanen du.

Giro ederrean joan dira bestak, igande arratseko Txakaingo jautsierarekin eta goizaldeko Gaixoa Ni-arekin bukatu ziren

Giro ederrean joan dira Lesakako Sanfermin bestak. Uztailaren 6an, Elkarrizan elkartearen izenean Alfonso Obesok botatako txupinazoarekin abiatu eta bortz egunez besta ederrak izan dituzte Lesakan. Orain, Gaixoa Ni kantatu ondotik, guttiago falta da 2017ko Sanferminetarako.

 

Bezperan, goizeko haurrren tanborrada eta musikari taldeen kalejiraren ondotik, arratsaldean Tantirumairu euskal folklore jaialdia bikaina izan zen. Aurten, 35. Urteurrena ere ospatu du dantza taldeak. Ondotik, bezperako tanborradako zuzendaritzan makila aldaketa egin zuten. Xabier Ariztegik gidatu zuen tanborrada hasieran, baina erditik aitzinera, Amaia Telletxea Mendigutxia hasi zen berekin batera eta bukaeran Amaia bera izan zen zuzendari. Heldu den urtetik Amaiak izanen du aginte-makila.

San Fermin egunean ezpatadantzariak izan ziren protagonista. Goizeko harat-honaten ondotik, Zubigainekoa dantzatu zuten. Arratsaldean, berriz ere ezpatadantzariak, aritu ziren, oraingoan neskekin batera. Martxel Rodriguez aitzineskuak Aurreskua dantzatu zion Itsaso Fagoagari.

Peñen egunean ere izan zen makila aldaketa zuzendaritzan. Hemen ere Xabier Ariztegik 20 urte zeramazkin zuzendari lanean eta berak gidatu zuen goizeko tanborrad, baina plazara ailegatzerakoan, Hautoritura peñako Mikel Mutuberriak hartuzuen lekukoa. Bera izanen da zuzendari hemendik aitzinera. Arratsaldean, peñek ohiko jautsiera egin zuten.

Asteburuan, haurren eguna eta bikoteen eguna ospatu zituzten. Ohikoa denez, kanpotik etorritako jendetza bildu zen. Igande arratsaldean, Txakaingo jautsiera egin zuten, Zortziko doinuarekin. Gauerdia eta gero, Gaixoa Ni kantatuz agurtu dituzte Sanferminak lesakarrek.

Erlazionatuak

San Fermin bezpera 2016

Ttipi-Ttapa 2016 uzt 07 Bortziriak   Lesaka

San Fermin eguna 2016

Ttipi-Ttapa 2016 uzt 08 None

Peñen eguneko tanborrada

Ttipi-Ttapa 2016 uzt 11 Bortziriak   Lesaka

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun