Orabideko Pello Pegneguyk irabazi du Etxalarko XXIV. Gasna Lehiaketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko eka. 6a, 15:01
Etxalarko 24. Gasna lehiaketako saridunak.

Hamabortz gasna aurkeztu ziren lehiaketara eta lehen aldiz egindako ahari lehiaketan Olazarkoa nagusitu zen

Ekainaren 5ean ospatu zen Altxatak antolatutako XXIV. gasna feria. Eguraldi ederra lagun, jende aunitz ibili zen egun guzian zehar herrian.

 

Eguerdian XXIV. gasna lehiaketako sari banaketa egin zen. 15 gasna aurkeztu ziren guztira, horietatik 8 Etxalarkoak. 5 epaimahai aritu ziren gasnak probatzen: Ana Lazkanotegi, Eider Pikabea, Jose Mari Andueza, Bautista Telletxea eta Periko Berrueta. Hauek izan ziren gasna sarituak: Lehenengo postuan Pello Pegneguy -Orabidea-Arizkun- (120 euroko saria), bigarren postuan Urdazubiko Etxalekua gasnategia (90 euroko saria) eta hirugarren postuan Julen Arburuan -Lekaroz- (75 euroko saria). Etxalarkoen artean berriz lehenengo saria (50 euro) Ursua baserriko Jorge Arizaletak irabazi zuen eta bigarren saria (30 euro) Basateko Isidro Ariztegik irabazi zuen.

Bertzetik aurten III. Goxo topaketa egin zen. Aurten txokolatea osagaia zuen postrea zen aurkeztu beharrekoa. Guztira zazpi postre aurkeztu ziren eta denen artean produktuez betetako saski bat zozketatu zen. Hau Kontxesi Arangoari tokatu zitzaion.

Aurten berrikuntza modura Etxalarko I. Ahari lehiaketa egin zen. Denetara Etxalarko 7 ahari ekarri zituzten plazara eta irabazlea Olazarko aharia izan zen. Herriko produktuekin osatutako saski eder bat eta urrezko pulunpa irabazi zituen.

Goizean frontoian artisauak izan ziren ikusgai, Iriondoan ere baserriko tresna zaharren erakusketa zabalik egon zen. Bertzetik ardi mozte erakustaldia egin zen plazan eta trikitilariek ere beren saioa eskaini zuten bazkal aitzinetik. Hagitz bazkari jendetsua izan zen frontoian. 140 lagun inguru izan ziren bazkaltzen eta giro bikaina izan zen bazkal ondoan Bankako kantariekin. Egun guzian eskulan ikastaroko lanak ikusgai egon ziren eskola zaharrean.

 

Gasna erdien zozketa

Lehiaketera aurkeztu ziren 15 gasnen erdiak zozketatu ziren. Hauek dira ateratako zenbakiak eta saridunak agertu ez zirenak. Zenbaki horietakoren bat duen txartelaren jabeak Altxatako kideengana jo behar du bere gasna erdia hartzeko.

Hauek dira zenbakiak: 8680, 8744, 8738, 8770, 8608, 8791, 8751, 8785, 8522.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun