Hondakinen bereizketa eta birziklapenean eredugarria bihurtu nahi dute Etxalar

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 29a, 08:53
Kanpaina berria hasi baino lehen auzo konpostagune berria paratu dute Behekolandan.

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak esperientzia pilotua gauzatuko du

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak hondakinen bereizketa eta birziklapenaren inguruan esperientzia pilotua martxan paratuko du Etxalarren. Horren helburua Etxalar herri eredugarri bihurtzea da, egungo araudia beteko duena eta zonaldeko bertze herrientzat eredu izanen dena. 

 

Zergatik egin behar den hau?

2015. urtean gure zonaldean sortutako hondakin guztietatik %35,18 birziklatu zelako, eta Hondakinen Legearen arabera, 2020. urterako %50 birziklatu behar dugulako. Materia organikoari dagokionez, 2015ean %25aren inguruan birziklatu dugulako eta Nafarroan 2025erako %70era ailegatu behar dugulako.

Horregatik, helburu horiek lortzeko, Etxalarko esperientzia pilotuaren ekintza garrantzitsuenak abian paratuko ditugu. Hauek izanen dira:

• Karakterizazioa: Herriko plazan, denen aitzinean, 4 zaborrontzi berde hustu eta hondakin mota desberdinak bereiziko dira zein utzi diren zuzenki ikusteko eta zein ez. Heldu den astertean, maiatzaren 3an, arratsaldeko  3:30ean eginen da.

• Konpostajeari bulkada sendoa.

• Errefusa edukiontziei (berdeei) tapa txikiagoak paratuko zaizkie nahastutako hondakinen deskarga masiboa saihesteko.

• Ontzi eta paper-kartoi bilketak indartzeko edukiontzi hori eta urdin gehiago paratuko dira beharra dagoen tokietan.

Esperientzia honen barrenean etxeko hondakin bereziak biltzeko etxola berriki jarri zen Etxalarko sarrerako aparkalekuan.

Erabiltzaileek aldaketa eta horien eraginen berri emateko, Mankomunitateak Vermican Soluciones de compostaje S.L. enpresa kontratatu du.

Enpresa horretako langileak etxe guztietatik pasatuko dira hondakin mota desberdinen kudeaketari buruzko informazioa emateko. Azalduko dute baita ere zein den konpostajearen prozesua, bere  onurak eta zer konpostatzen ahal den eta zer ez. Gainera, beharrezko materiala eramango dute bere etxeko hondakinak konpostatzen hastera interesatua dagoenari zuzenean emateko. Azkenik, agertzen ahal diren zalantza guztiak argitzen saiatuko dira eta zuen proposamen edo iradokizun guztiak jasoko dituzte.

Neurri berriak ezarri eta hilabete batzuetara, Etxalarren sortzen diren hondakinak berriro aztertuko dira.

Mankomunitateak Espero dituen emaitzak lortzen badira, Etxalarko bizilagunak saritzeko aukera aztertzen ari dira, hau da, zaborretako erreziboa murriztea.

 

Zergatik? Birziklatzea ez birziklatzea baino merkeagoa delako

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak emandako datuaren arabera, 2015ean edukiontzi berdean nahasita bildu zen ontzi tona bakoitza tratatazeagatik 56,22 euro ordaindu zen eta gainera, hondakin hauek zabortegian lurperatzen dira eta ura eta lurra kutsatzen dituzte. Aldiz, 2015ean edukiontzi horian berezita bildu zen omtzi tona bakoitza tratatzeagatik 355,77 kobratu ziren eta gainera, lortzen diren materialak lehangaiak bezala erabiltzen dira produktu berriak egiteko.

Kanpaina hasten denerako dena prest izateko, Etxalarko auzo konpostagune berria paratu dute Bekolandan. Horrela, Antsolokuetan dagoenarekin, herriko bi aldeetan izanen da auzo konpostagune bat. Bere hondakin organikoak konpostatzen hasi nahi duenak heldu den astean abiatuko den kanpainan izena emateko aukera izanen du.

Proba pilotu honetan emaitza onak ateraz gero, Etxalarren hartutako neurriak Mankomunitateko bertze herrietara zabaltzeko asmoa dute.         

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun