Azaroaren 25aren inguruko ekintzak gauzatzen ari dira Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 23a, 09:02
Azaroaren 25ean ospatzen da Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna.

Asteazkenerako elkarretaratzeak deituak daude Beran eta Arantzan eta filma ere eskainiko dute Beralandetan

Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, hainbat ekintza gauzatzen ari dira Bortzirietan, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Goldatz Berako Emakume Talde Feministaren eskutik.

 

Goldatz taldeak antolatuta, azaroaren 20an Pintxo-pote morea egin zuten Berako ostatuetan eta azaroaren 22an, Hamaika TBren Ertzak. Eraso sexistei aurre egitearen zilegitasuna bideoa eskaino zuten Beralandetan. Azaroaren 25ean, asteazkenean 20:00etan Mukixu zubian elkarretaratzea deitu dute beltzez jantzita joateko deia egin dute Berako Emakume Talde Feministako kideek.

Azaroaren 25ean, asteazken eguerdian Arantzako Udalak bultzatutako elkarretaratzea eginen dute herriko plazan.

Berako Toki Ona ikastetxeak bultzatuta, berriz, elkarretaratzea eginen dute patioan 13:00etan. Parte hartzea denei zabaldua izanen da. Aipatzekoa da urriaren 27 eta 28an autofedentsa ikastaroa eta maskulinitate eredu berriak ere landu zituztela institutuan eta 16 urteko 100 ikaslek parte hartu zuten.

Azaroaren 25ean, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek bultzatuta, Montxo Armendarizen No tengas miedo filma eskainiko dute Beralandetan, asteazken arratsaldeko 6etan.

Azaroaren 28an, azkenik, Arantzako Udalak bultzatuta, Lilja 4ever filma eskainiko dute larunbat arratsaldeko 6etan Baskulan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun