Euskara Mankomunitatearen 25. Urteurrena ospatzeko hainbat ekintza prestatu dituzte Bortzirietan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko urr. 9a, 08:50
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 20 urte egin zituenean, 2010ean Beran egindako ekitaldia.

Hautetsiekin lan saioa, erakusketa eta mahai-ingurua izanen dira datorren astean

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Nafarroako beste hainbat euskara zerbitzuk bezala, 25 urte bete ditu aurten. Urteurrenaren harira, hainbat ekimen antolatzen ari dira, urriaren 12tik 16ra, Berako kultur etxeko erakusketa-gelan.

 

Urriaren 12an, lan-saioa hautetsiekin egin gogo dute.Bortzirietako hautetsi guztiak elkartu nahi dituen saioa, UEMA eta Euskara Mankomunitatea elkarlanean antolatzen ari dira. Ekitaldi itxia izanen da hau, bortz herrietako udal hautetsiei zuzendua.

Urriaren 12tik 16rako aste osoan zehar erakusketa egonen da ikusgai Berako kultur etxean, UEMAren eta Nafarroako euskara zerbitzuen gaineko informazioa duten panelekin. Gehienak UEMAk prestatutakoak dira, eta arnasguneen ideia jorratzen dute. Arratsaldeko 6etatik 8etara egonen da irekita jendearentzat. Gainera, Toki Ona institutuko ikasleek ere irteerak eginen dituzte erakusketara goizez, UEMAko langile bik gidatuta.

Urriaren 16an mahai-inguru irekia eginen da, leku berean, Bortzirietako herri bakoitzeko ordezkari batekin: Arantzatik Mentxu Peña, Beratik Eneritz Rekarte, Igantzitik Patri Arburua, Etxalartik Axun Maia eta Lesakatik Eduardo Conde. Orain arte egindakoaz eta hemendik aurrera egin daitekeenaz solastuko dira, Oskar Goñi moderatzaileak gidatuta. 18:30ean hasiko da mahai-ingurua, eta ondoren otamena eskainiko zaie bertaratzen direnei.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun