20 hirukotek parte-hartu zuten VI. Alkaiaga Trail lasterketan

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 27a, 12:02
Inoiz baino talde gehiago atera dira aurten Alkaiaga Trailean. Argazkian, hiru bizkorrenak.

Parte-hartzaile kopuruan errekorra izan da eta Jone Zelaieta, Unai Santamaria eta Jon De la Cruz suertatu dira garaile

VI. Alkaiaga Trailak inoiz baino parte-hartzaile gehiago bildu zituen larunbat honetan, 20 talde hain zuzen ere. 18 talde mixto (bi gizon eta emakume bat) izan ziren eta bi talde bakarrik hiru gizonezkoz osatuta. Gehiengo partaidetza beratarra izan zen arren, Bortzirietako bertze herrietatik, Irundik eta Iparraldetik ere animatu ziren. Jone Zelaieta, Unai Santamaría eta Jon de la Cruzek osatutako hirukotea izan zen garaile (50 minutu eta 16 segundoko denborarekin) Alkaiaga auzoko bestetan erreleboka jokatzen den lasterketa honetan. 

 

Monica Telletxea, Martxel Tapia eta Javier Arrastuak osaturiko hirukote irundarra izan zen bigarren (50.22) eta Ane Elzaurdia, Ander Rodriguez eta Gwendal Larqué beratarrek osaturikoa hirugarren (54.44). Auzoko besten komiteak eta Manttale taldeak antolatutako lasterketa honek, hiruko taldeetan, erreleboka auzoko 3 ibilbide desberdin gauzatzea dauka helburu bezala. Lehenengo erreleboa, emakumezkoena izan zen, 2 kilometrotakoa, eta bertan Telletxea izan zen azkarrena, Ane Elzaurdia eta Jone Zelaieta izan ziren hurrenez hurren iristen hurrengoak.

Bigarren erreleboan, 3 kilometrotako ibilbidean lidertzak irundarren eskuetan jarraitu zuen Arrastuaren erreleboari esker, eta Jon de la Cruzek bere taldea bigarren kokatu zuen. Honen atzetik, Markel Etxebestek 3. tokiraino igoarazi zuen bere taldea eta ailegatzen hurrengoak Xabier Etxegarai, Hervé Boisramé eta Ander Rodríguez izan ziren.

Proba, azken erreleboan jokatu zen. Martxel Tapiak minutu terdiko aurrerapena zeukan bigarren taldearekiko, baina Unai Santamariak, abantaila hori hautsi zuen lau kilometro eta gogortasun gehien zeukan azken erreleboan. Hirugarren tokian Gwendal Larqué iritsi zen, eta honen atzetik Daniel Mehats, Patxi Pikabea, Adrián Gajate, Asier Apezetxea, Julen Pikabea, Asier Irazoki eta Iñaki Pikabea. Helduen lasterketa baino lehen, haurrentzako lasterketak egon ziren urtero bezala, parte-hartza haundiarekin. Sari banaketa eta gero, afaria izan zen, parte-hartzaile, ikusle, eta auzoko bizilagunentzat, giro ezin hobean.

 

Ikusi sailkapenak

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun