Ikasturte bukaerako besta egin du Bortzirietako jubilotekak

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 29a, 07:25
Giro ederrean egin zuten kurtso bukaerako besta jubilotekan.

Lesakan eta Beran parte hartzen duten 50 lagun bildu ziren ekainaren 26an Lagun Haundiak elkartearen egoitzan

Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta Berako eta Lesakako Udalen ekimenez, jubiloteka zerbitzua eskaintzen ari dira Beran eta Lesakan. Ekainaren 26an ikasturte bukaerako besta egin zuten Lagun Haundiak elkartean, Beran eta 50 bat lagun bildu ziren, erabiltzaile, laguntzaileak eta senideak.

 

Abestu, olerkiak errezitatu eta ikasturte amaierako diplomak banatu zituzten ortziraleko ekitaldian eta ondoren hamaiketakoa egin zuten. Gero, Bera eta Lesakako erabiltzaileek elkarrekin atera zuten argazkia eta giro bikainean pasatu zuten eguna. Jubilotekako erabiltzaileek eskerrak eman nahi izan zizkieten boluntarioiei eta Lesakako eta Berako udalei.

Pertsona hauen elkarbizitza eta garapena lortzeko tresna da jubiloteka. Kultura, aisia eta erlazio sozialez gozatu eta ideiak proiektuak, kezkak, beldurrak eta ilusioak partekatuz, bakardadeko sentimentuak uxatzeko ingurua. Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Jokin Apezetxeak dioenez, “jubiloteka, nagusiak urte askoz, ilusioz eta zoriontasunez bizitzen laguntzeko bitartekoa da. Pertsona hauen bizi kalitatea hobetu eta persona bezala maila guztietan hazten jarraitu dezaten”.

Helburu desberdinak ditu jubilotekak. Batetik, galera fisikoa, soziala eta kognitiboa aurrez ikusi eta pertsonaren autonomía sustatzea lortu nahi da. Gainera, elkartzeko lekua ere bada erlazio sozialez, aisiaz eta kulturaz gozatzekoa eta menpekotasuna duten pertsonen senitartekoei atseden bat emateko ere bitarteko egokia da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun