Beran eta Lesakan inauteri giroan jarraitzen dute

Ttipi-Ttapa 2015ko ots. 16a, 09:48
Eguraldi txarrari aurpegi ona paratu zioten beratarrek inude eta artzainez jauntzita.

Lesakan eguerdi aldera orga apainduak ikusteko aukera izanen da eta Beran zinga-arraultze kantatuz eskean ibiliko dira

Joan den astetik dabiltza Beran eta Lesakan inauterietan murgilduak. Eta asteburuan ere ez dira etxean gelditu. Beran, erraterako, larunbatean kaldereroek ederki alaitu zuten herria (ikusi argazkiak) eta igandean inude eta artzainek (ikusi argazkiak) hartu zuten lekukoa. Gaur, berriz, zingar-arraultzea goizean eta iluntzean kontzertua izanen dituzte. Lesakan, berriz, larunbat gaueko giroaren ondotik, igandean zakozarrak atera ziren karrikara. Gaur, berriz, goiz-arratsaldez fraindar eta goitarrak baserriz-baserri ibiliko dira eta eguerdi aldera orga apainduak aterako dituzte plazara. Arratsaldean, berriz, dantzaldia izanen dute plazan.

Asteburuko mozorro besta oraindik ez da bukatu zenbait herritan. Bera eta Lesakan, erraterako, inauterietan segitzen dute oraindik.

Bera

Larunbatean kaldereroek ederki alaitu zuten herria, nahiz eta eguraldi txarragatik Altzateko frontoian elkartu ziren. Eta igandean inude eta artzainek hartu zuten lekukoa. Talde ederra atera ziren. Gaur, berriz, goiz guztian  zingar-arrautze eskean ibiliko dira baserrietan eta 19:00etan Afrika Lion taldearekin emanaldia izanen da Altzateko karrikan.

Lesaka

Larunbat gaueko giroaren ondotik, igandean zakozarrak atera ziren karrikara. Gaur, berriz, 08:00 geroztik fraindarrak eta goitarrak baserrietan dabiltza eskean. Eta herrian, berriz, eguerdi aldera inauterietako orgak Plaza Zaharrera hurbilduko dituzte herritarrek. Egunari amaiera emateko 19:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean. Bihar, berriz, fraindarrak baserriz-baserri segituko dute eta horrela borobilduko dituzte lesakarrek inauteriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun