Arantzan abenduaren 10ean gertatutako lan istripua salatu du LAB sindikatuak

TTIPI-TTAPA 2014ko abe. 12a, 10:25

Mendiko lanetan ari zela zuhaitza gainera etorri zitzaion langile errumaniarrari eta larri zauritua suertatu zen

Lan istripu bat gertatu zen abenduaren 10ean, asteazken arratsaldeko 3:30ean Arantzan. M.H. 23 urteko langile errumaniarra larri zaurituta gelditu zen, mendian lanean ari zela zuhaitz bat gainera erori zitzaionean. Langileak Lesakako Agiña Egurrak enpresarentzako egiten du lan.

Lan istripu bat gertatu zen abenduaren 10ean, asteazken arratsaldeko 3:30ean Arantzan. M.H. 23 urteko langile errumaniarra larri zaurituta gelditu zen, mendian lanean ari zela zuhaitz bat gainera erori zitzaionean. Langileak Lesakako Agiña Egurrak enpresarentzako egiten du lan.

LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, «lan istripu hau bertze lan istripu bat da jadanik Euskal Herrian luzeegia den lan istripuen zerrendan. Jadanik 35 dira Euskal Herrian lan istripuetan aurten hil diren langileak, horietatik 7 Nafarroan izan dira». Joan den urtean 50 langile hil ziren Euskal Herrian, lanean ari zirenean.

LABen zalantza nagusia, langile honek segurtasun neurri eta Lan arriskuen prebentzio neurriak betetzen ote zituen da, «are gehiago kontutan hartuta istripua gertatu zen tokia sarbide zaileko tokia zela, hain sarbide zaila langilea jasotzeko helikopteroak ezin izan zuela joan zegoen lainoarengatik».

Mendian zuhaitzak mozten lanean aritzen diren langileen lan baldintzak ere azpimarratu nahi ditu LABek, «etorkinen kontratazio ugarirekin eta prekarietate handi batekin, beheranzko kontratuekin eta lan gogor eta arriskutsuak egitera behartuak egoten direlarik».

LABen garbi dute «mobilizazioa eta borroka direla gure esku ditugun arma bakarrak lan istripuekin eta hauek sorrarazten dituzten kausa eta faktoreekin bukatzeko. Honengatik guztiarengatik, lan istripuak sorrarazten dituzten kausak salatzen jarraituko dugu, eta lanean eta borrokan jarraituko dugu laneko segurtasuna lehentasun bat izan dadin eta ez interes ekonomiko eta enpresarialen menpe egonen den gauza bat».

Aldi berean Arantzan gertatu den lan istripu honen kausak argitzea exijitu dute, eta beharrezkoak diren neurriak hartzea asteazkenean gertatu zena berriro gerta ez dadin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun