Ahozko ondareari buruzko dokumentala ikusgai jarriko dute

TTIPI-TTAPA 2014ko aza. 27a, 14:57
Urak markatu ditu Bortzirietako herritarrak eta ura da dokumentalaren gidaria. LABRIT MULTIMEDIA

‘Bortziriak, uraren magaletik euskararen bidean’ filmak hainbat lagunen testigantzak bildu ditu

Bortziriak, uraren magaletik euskararen bidean dokumentalaren estreinaldia eginen da azaroaren 29an, larunbat arratsaldeko 7:30­ean Berako Kultur Etxean. Estreinaldiaren ondotik, Igantzin, abenduaren 8an, 18:00etan eskolan ikusgai izanen da dokumentala eta Arantzan, Etxalarren eta Lesakan abenduaren 13an. Guztietan izanen da materiala erosteko aukera eta gonbidatuak izanen dira Bortzirietako Euskara Mankomunitateko ordezkariak, elkarrizketatuak eta Gaizka Aranguren, Labrit Multimediako zuzendaria.
 
ITSAS AMUARRAIN BATEN BIDEA
Urak benetan markatu ditu Bortzirietako herritarrak. Beraien bizitzak zipriztindu ditu. Marinel, bajura eta alturako arrantzaleak izan ziren Ternuan, artzain Ameriketan, neskame frantzian...
 
Itsas amuarrain baten bidaia jarraitzen du honako dokumentalak. XX. mende hasieran itsa­soratu zen eta etxe­ra bueltan den amuarrainarena, hain zuzen ere. Utzitako bortz herri­ak berriz ere ikusitakoan oroitzapenak etorriko zaizkio burura. Bizimoduak, ohiturak, elikadura...eta euskara. Dena aldatu da, baina euskaraz bizitzen jarraitzen dute bortziritarrek.
 
Sorlekura egiten duen itzulera honetan jakin dugu bertzeak bertze, garai horretan gaztainak bizirauteko ezinbertzekoak izan zirela, ikasi dugu bokata eta baikuntza hitzen erranahia edota mamia eta gaztanbera nola egiten den. Goiti eta beheiti ibili gara Arantza, Lesaka, Igantzi, Bera eta E­txa­larren. Beti ere Bidasoa ibaiari itsatsita, uraren magaletik euskararen bidean.
 
Lana osatzeko abiapuntua 2006 eta 2008 urte artean Euskokultur Fundazioak Bortzirietan egindako kultur ondare ez-materialaren bilketa izan da. Elkarrizketatuen memoriak eraman gaitu uraren magalera. Oroitzapenei irudiak ja­rri eta dokumentala ezagutzera eman behar dute orain.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun