UPNko zinegotziaren kontrako salaketa paratu du Berako Udalak, baimendutako horma-irudia ezabatu duelakoz

Ttipi-Ttapa 2013ko urr. 14a, 11:02
UPNko zinegotzia Eztegarako murala ezabatzen, joan den asteazken goizean.

Udalak «hagitz larritzat» jo du hori egin izana

Udalak «hagitz larritzat» jo du halakorik egitea, «intoleranteak izateaz gain, zinegozia izanik, Udalaren erabaki baten kontra eragiten duelakoz». Horrekin batera, UPNko zinegotziaren asmoa «ez dela herriaren alde egitea» erran dute Udaletik, «bere kezka nagusia prentsan agertzea da, kosta ahala kosta, horretarako ikur eta sinboloen kontrako gerra pizten saiatuz, etengabe».

Berako Udalak Juan Losa UPNko zinegotziaren aurkako salaketa paratu du Foru Poliziaren aitzinean, herriko eraikin batean baimendutako horma-irudia margo xuriz estali duelakoz. Berako Udaletik gogoratu dutenez, «horma-irudi hori duela urte batzuk margotu zen Udalaren baimenarekin eta bertan ez ziren aipatzen ez presoak ez ETA erakundea ere. Euskal Herriko maparekin batera Euskal Herria aitortu, errespetatu zen UPNko zinegotziak ezabatu duen horma-irudiaren leloa». Gaineratu dutenez, «lehendik ere, zinegotziak errana zuen behin baino gehiagotan halakorik egiteko asmoa zuela baina alkateak aldioro adierazi zion ez zuela ezabatzeko baimenik, ez eskumenik». Udalak «hagitz larritzat» jo du halakorik egitea, «intoleranteak izateaz gain, zinegozia izanik, Udalaren erabaki baten kontra eragiten duelakoz». Hala, salaketa publikoa egitea eta bere udal ordezkariaren aitzinean erantzukizunez jokatzea eskatu dio Berako Udalak UPN alderdiari.

Berako UPN alderdiak alkatearen eta bere taldearen pasibitatea salatu izan du prentsan, eta horren inguruan zera adierazi dute Udaletik: «agintaldi honetan izan diren pintadak aldioro garbitu dira eta oraingoan ere antolatua zegoen kanpo santukoaren garbiketa». Berako Udalean, agintaldi osoan zehar, «pasibitatea agertu duen bakarra» Losa zinegotzia bera izan dela dio Udalak, «are gehiago azkeneko hilabeteetan, dagozkion batzordetara ez delako ia inoiz agertzen, ez udalbatzarretara ere». Berak bilatzen duen bakarra «nabarmentzea» dela uste du Berako Udalak, eta «bere asmoa ez da herriaren alde egitea, bere kezka nagusia prentsan agertzea da, kosta ahala kosta, horretarako ikur eta sinboloen kontrako gerra pizten saiatuz, etengabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun