Eguberrietako gordotik 4,8 milioi euro ehizatu dituzte Lesakan eta Beran

Aitor AROTZENA 2011ko abe. 22a, 16:13
Lesakako Jubilatuen Ostatuaren atarian. Aitor Arotzena

Huescan ehizean ibiltzen den koadrilla batek hamabi dezimo eskuratu zituen

Eguberrietako gordoa oso-osorik Huescan saldu da aurtengoan, baina gure inguruan ere utzi du diru mordoxka bat. Izan ere, inguru horretan aspalditik ehizean ibiltzen den ehiztari koadrilla batek hamabi dezimo eskuratu zituen eta lagun eta senideen artean banatu. Kontuak eginez: 12 dezimo, bakoitzak 400.000 euro, beraz, 4,8 milioi euro.

Eguberrietako gordoa oso-osorik Huescan saldu da aurtengoan, baina gure inguruan ere utzi du diru mordoxka bat. Izan ere, inguru horretan aspalditik ehizean ibiltzen den ehiztari koadrilla batek hamabi dezimo eskuratu zituen eta lagun eta senideen artean banatu. Kontuak eginez: 12 dezimo, bakoitzak 400.000 euro, beraz, 4,8 milioi euro. Horietatik dezimo gehienak Federico Legasak erosi zituen, sei, Esperanza hotelean.

Emazte, hiru seme-alaba, bi arreba, suhia, suhiaren aita eta bertze lagunen artean banatu zituen dezimoak erdibana, beraz, horietako bakoitzak 200.000 euro jaso ditu. Lagun horietako bat da Arantzan sortu eta Igantzin bizi den Francisco Javier Taberna, Arcelor-Mittaleko langilea. Hain zuzen, goizeko txandan lanean ari zela eman dio albistea enkargatuak eta hasieran ez omen zuen sinisten. “Hau sinestezina da” errepikatzen zuen behin eta berriz Lesakako Jubilatuen ostatuan. Hain zuzen, ostatu honetako arduradunak dira azkeneko hamar urteetan Mari Carmen eta Kontxi Legasa, Federicoren arrebak. Maria Pilar Rosa emazteak, berriz, garbi dauka: “Orain senarrak erretiroa hartu behar du”, dio. Sandra Legasa alabak, berriz, dirua zorrak kitatzeko erabiliko omen du “eta lasaiago bizitzeko”.

Bertze ehiztari batzuk dezimo bana hartu dute, hala nola Lesakako Roberto Etxepeteleku, Juan Mari Olaizola, Xalbador Etxepare, Alvaro Telletxea eta Juanjo Errok eta Berako Matias Telletxeak. Guziek lanean segitu dute abenduaren 22an eta etorkizunean ere halatsu segituko dutela diote. Federiko Legasak 22 urte daramazki ehizera joaten Huescara eta horretan segituko duela garbi dauka. “Joan den urtean 400 bat basurde bota genituen eta aurten 247 baditugu, baina oraindik urtarrila eta otsaila gelditzen dira denboraldia bukatzeko”.

Zenbaki horren bila joan eta denak salduak zirelako erosi ezinik gelditutako Lesakako ehiztaririk ere bada. Eta hoteleko langileak ere loteriarik gabe gelditu omen ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun