Nafarroako Komertzio Ganbarak Esportazio Saria eman dio Berako Composites Gurea lantegiari

TTIPI TTAPA 2011ko aza. 17a, 08:45
2009. urtearekin konparatuz, aurten %64 handitu da Composites Gureako produktuen esportazioa. Artxiboko argazkia

Produkzioaren %75a esportatu egiten du eta salmenten %35 Europatik kanpo egiten du

Nafarroako Komertzio eta Industria Ganbarak Esportazio saria Berako Composites Gurea enpresari eman berri dio. Horretaz gain, ibilbide enpresarial eta profesionalaren saria Jose Javier Uranga kazetariari eman dio eta Berrikuntzaren saria SAT Lacturale enpresari.

Nafarroako Komertzio eta Industria Ganbarak Esportazio saria Berako Composites Gurea enpresari eman berri dio. Horretaz gain, ibilbide enpresarial eta profesionalaren saria Jose Javier Uranga kazetariari eman dio eta Berrikuntzaren saria SAT Lacturale enpresari.

Composites Gurea enpresari dagokionez, esportazio saria eman diote nazioarteko zabalkuntza azkarra eta indartsua saritzeko, bere produkzioaren %75a esportatzen baitu bortz kontinentetan. Gaur egun 60 langile dituen Berako lantegian egindako zur naturaleko tablero eta zolak maila goreneko arkitektuek erabiltzen dituzte beraien eraikinetan, hala nola Frank Gehryk, Santiago Calatravak, Jean Nouvelek edo Chistian de Portzamparc-ek.

Hasiera batean Maderas Gurea SA izenarekin sortu zen enpresa 1966an Beran eta 1985ean, gaur egun duen Composites Gurea SA izena hartu zuen. Lehenik, dentsitate handiko zur estratifikatua egiten zuten orduan eta siderometalurgia eta elektromekanika arloko industriak ziren bezero nagusiak. Baina 1992-1993ko krisiaren ondorioz, bezero objektiboa aldatu eta Parklex marka sortu zuen Gureak, eraikuntzarako zuraren aplikazioa bilatuz. Nazioartean errekonozimendu handia duen Francisco Mangado arkitektu nafarra izan zen aldaketa horren animatzaile nagusia, bera izan baitzen produktu horiek erabiltzen lehenetakoa eta gaur egun ere bezero garrantzitsuenetakoa da.

1990. hamarkada bukaeran Parklex produktuak esportatzen hasi zen, batez ere Portugal, Frantzia eta Inglaterara. Ondotik, Estatu Batuetara, Alemaniara, Kanadara, Belgikara eta Italia ailegatu ziren Parklex produktuak. Gaur egun, produkzioaren %75a esportatu egiten du Gureak bortz kontinentetan eta salmenten %35 Europatik kanpo egiten ditu. Komertzializaziorako hiru enpresa ditu Erresuma Batua, Frantzia eta Ekialde Erdian.

2009koekin konparatuz, 2011ko esportazioa %64 handitu du Gureak, eta %24 joan den urtearekin konparatuta. Aurten 50 herrialdetan saltzen ari da eta horietako %90ean banatzaileak edo agente kometzialak ditu. Gaur egun, Ipar Amerika eta Asiako merkatuetara begira dago, batez ere Txinara.

Nazioartean ezagunak diren arkitektuekin lan egin du enpresak. Honela, 1997an 4.000 metro koadro zola saldu zituen Bilboko Guggenheim Museorako. Horrek aldaketa handia ekarri zuen Composites Gurearendako, museoa bisitatu zuten arkitektu aunitzek han instalatutako zolaz galdegin baitzuten. Geroztik, Norman Foster Erresuma Batuko arkitektuak lantegia bisitatu eta bertako produktu batzuk erabili ditu bere lanetan. Santiago Calatrava (Espainia), Jean Nouvel (Frantzia) edo Chistian de Portzamparc (Frantzia) arkitektuek ere erabili dute Gureako produktuak. Gainera, Manhattango Zero eremuan 2012ko irailaren 11n inauguratuko den National September 11 Museum-ean ere Berako produktoa jarriko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun