Arcelor-Mittaleko lerro berria urte bukaeran hasiko da lanean

Aitor Arotzena 2010ko abu. 31a, 14:00

Bidasoa Planean 30 milioi euroko inbertsioa egiten ari dira

Arcelor Mittalek Lesakan duen lantegian egiten ari diren margo­tze eta galbanizatu lerro berria urte bukaeran hasiko da lanean, enpresako iturriek jakinarazi dutenez. Hasiera baten proba moduan hasiko dira eta martxan jartzen denean ikusiko da Bidasoa Planean aurrikusitako inbertsioaren emaitza. Plan honen ondorioz, Legasako lantegia itxi eginen da eta jarduera guzia Lesakan bilduko da.
Arcelor Mittaleko arduradunek aipatu dutenez, plan honetako inbertsioak (30 milioi euro inguru) aurrikusitakoaren arabera gauzatzen ari dira, baina produkzioaren inguruko zalan­tzak daude oraindik orain. Honela, emandako datuen arabera, estatu osoko lantegiak (tartean Legasa eta Lesakakoa) bere ahalmenaren %70era aritu ziren apirila eta ekaina bitartean. Urteko lehenbiziko hiruhilekoarekin konparatuz zertxobait gehiago da kopuru hori, baina datozen hilabetetan igoera erritmo hori motelduko dela uste du enpresak.
Aipatu, Arcelor Mittalek 1.830 milioi euroko irabaziak izan dituela urteko lehen sei hilekoan.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun