Hiru udalek deitutako paroak arlo publikoan izan du eraginik handiena

TTIPI TTAPA 2010ko api. 26a, 13:49
Etxalarren eta Lesakan egindako kontzentrazioak, eta Beran egindako manifestazioa. TTIPI TTAPA

200 bat lagun bildu ditu manifestazioak

Arantza, Bera eta Etxalarko udalek Gure eskualdearen defentsan, krisi kapitalistari erantzun lelopean apirilaren 22rako deitutako bi orduko paroak erantzun ezberdina izan zuen lan-arlo eta herrien arabera. Hiru herri horietako udaletxetan lanaldia erabat gelditu zen, baita Euskara, Hiri-Hondakinen eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateetan ere.  Bortzirietako zenbait ikastetxetan, legeak agintzen duen guttieneko zerbitzuak eskaini ziren, baina bertze batzuetan normaltasunez segitu zuten.
Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak ez zuen datu zehatzik eman, baina onartu zuenez, «komertzio arloan jarraipena nahiko eskasa izan da eta industrian, ELAren atxikimendurik izan ez dugunez ttikia izan da. Arlo publikoan pribatuan baino eragin handiagoa izan du».
Lanuzteekin batera, ordu erdiko kontzentrazioak egin ziren bortz herrietan. Berakoa izan zen jendetsuena, 70 lagunekin; Lesakan 60 bildu ziren; 30na Etxalar eta Arantzan eta 22 Igantzin. Beran egin zen manifestazioan 200 bat lagun bildu ziren, Bortzirietako lan etorkizunaren aldeko eta despidoen kontrako oihuak eginez.
Halako mobilizazioen beharra azpimarratu zuen Irisarrik, instituzio arloan egiten direnen osagarria delako. Neurriak hartzeko garaia dela erran zuen: «krisiaren pisu guzia langileen bizkar gelditu baita». «Ekonomia demokratizatu behar dela» ere aipatu zuen, «aberastasuna banatuz». Adibidea ere jarri zuen: «Nafarroan dagoen PIB biztanle guzien artean banatuz gero, bakoitzari 33.000 euro dagokio, bikotea eta bi haur dituen familiak 132.000 euro».
Hurrengo hilabetetan zonaldeko fabriketan ERE gehiago izanen direla eta, indarrak metatzeko deia egin zuen Etxalarko alkateak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun