LAB sindikatuak apirilaren 22ko paro deialdia babestuko du

TTIPI TTAPA 2010ko api. 19a, 13:44

Krisia ez dela bakarrik lan arlokoa uste du eta sindikatuen lanarekin batera, bertze dinamikak ere ongi etorriak direla dio

LAB sindikatuak bat eginen du Arantza, Bera eta Lesakako alkateek apirilaren 22rako Bortzirietan egin duten bi orduko paro deialdiarekin. LABek aipatu duenez, Sakanaren ondotik, Bortzirietan jo du gogorren krisiak Nafarroan: “20 langile baino gehiagoko lantegi guzietan EREetan daude edo kaleratzeak izan dituzte eta langabezia bikoiztu egin da 2008ko martxotik honat”.

LABen ustez, “garbi dago krisi hau ez dela bakarrik lan arlokoa, sistema kapitalistak bizi duen krisi estrukturala baizik eta industriari ez ezik, komertzioari, kontsumoari, lehen sektoreari eta udaletxeen finantziazioari eta zerbitzu publikoei eragiten die”. Horregatik,”Euskal Herriak lehenbailehen behar duen aldaketa politiko eta sozialera bideratuak dauden borroka ekimen guzien alde” eginen du LABek, “sindikatuek lantegi eta karriketan egiten duten lanarekin bateragarriak diren neurrian”.

Alde horretatik, alkate hauek sortu duten dinamika interesgarria iruditzen zaio LAB sindikatuari: “Bortzirietan bizi dugun egoerarekin eta jendea ez dagoela kontent erakusten du”.

Bukatzeko, “zonalde euskaldunak desertifikazio industrialera bideratu nahi duen Nafarroako Gobernuaren estrategiaren kontra” herri gisa erantzun behar dela uste du LABek, “bakoitzaren afiliazio sindikala eta politikoa kontan hartu gabe, Bortzirietan bizi nahi dugula erakutsiz”. Horregatik, apirilaren 22ko paroarekin bat egiteko deia luzatu die Bortzirietako langile eta bizilagunei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun