Zalain Transformados lantegiko etorkizun duinaren aldeko mobilizazioak iragarri ditu Langileen Batzordeak

Aitor AROTZENA 2010ko ots. 25a, 12:10
Zalain Transformados lantegiko Langileen Batzordeko ELA eta LABeko ordezkariak agertu dira prentsaurrean, mobilizazioak iragarriz. Aitor AROTZENA

Bortz egunez lana utziko dute eta manifestazioak eta elkarretaratzeak ere eginen dira

Condesa taldeko Zalain Transformados lantegiko Langileen Batzordeak mobilizazioak iragarri ditu enpresaren etorkizun duinaren alde eta 95 langile kaleratzeko zuzendaritzak egin duen mehatxuaren kontra

Honela, bortz egunez lan uzteak iragarri dituzte, bakoitza bere batzarra eta bertze mobilizazioekin. Lehenbiziko lan uzte eguna otsailaren 26a, ortzirala izanen da. 09:30ean batzarra eginen dute lantegian eta 11:30ean manifestazioa Zalaindik abiatu eta Berara. Martxoaren 3an ere lana uzteaz gain, batzarra eginen dute eta manifestazioa Lesakan. Martxoaren 4ean, Gasteizen elkarretaratzea egonen dute Ama Zuriaren plazan eta manifestazioa eta, oraingoz, lan uzteko hondar egunak martxoaren 16a eta 17a izanen dira.

 

"Urteak mehatxupean"

Langileek salatu dutenez, lantegi honetan “urteak daramazkigu mehatxupean, Zalain Transformados lantegiak, Condesa taldeak hartuz geroztik, 180 lanpostu galdu ditu, 480 langiletik gaur egungo 300era pasatuz, eta gehiaggo kaleratzeko mehatxuak bere horretan darrai”. Izan ere, kopurua aldatzen bada ere, beti langileak soberan daudela aipatzen dute zuzendaritzatik: “2007an 136 sobera ziren, 2008an 118, 2009ko uztailean aurkeztu zigun txostenean 140 eta 2010erako EREa aurkezteko txostenean 105 ziren eta azkeneko bileran adierazitakoaren arabera, 95 dira soberan dauden langileak”.  Dena den, Langileen Batzordeko presidente Xabier Bujandak gogoratu duenez, “Zalaingo enpresak galerak izan ditu azkeneko bortz urteetan, beraz, ezin erran  gaur egungo egoera krisiarengatik dela. Krisiak berezko egoera kaxkarra areagotu bertzerik ez du egin. Horregatik, lantegiak etorkizuna duen ala ez zehaztea eskatzen diogu enpresari”. Izan ere langileen etorkizuna ez ezik, enpresarena ere arriskuan izan daitekeela uste du Enpresa Batzordeak.

 

Produkzioaren jautsiera

Produkzioa urteko 111.000 Tonatik gaur egungo 40.000 Tonara ere jautsi dela salatu dute langileek, Condesak hartutako erabakien ondorioz. “Lehen mota ezberdinetako tuboak egiten genituen, baina produkzio gehiena bertze leku batzuetara bideratu eta Zalainen autogintzarako tubo kalibratuarekin bakarrik gelditu gara. Condesa osoan tubo hori egiten dugun lantegi bakarra gara, baina produkzioa ttikia da”.

Zalaingo langileak suspentsiko ERE batean izan ziren 2009ko maiatzaren 25etik abenduaren 31 arte, inolako osagarririk gabe eta orain baldintza beretan bertze ERE batean murgilduak daude, irailaren 30a arte, komitearekin adostu gabeko EREak hain zuzen. Langileen Batzordetik zuzendaritzak egiten duen plantillaren erabillpen gehiegizkoa salatu dute. Nafarroako Gobernuak Zalaindik aurkeztutako EREei “inolako zorroztasunik gabe” erantzun diela uste dute langileek, “inolako disimulurik gabe ugazabaren alde erabakiz eta Langileen Batzordeak aurkeztutako kontratxostenak kontutan hartu gabe”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun