Alkaiaga Estazioa eta Montoiako tunela bizikletaz lotu dituzte trenbidea moldatzea eskatuz

Aitor AROTZENA 2009ko ira. 23a, 11:52
Lesaka eta Berako hainbat haur eta helduek parte hartu zuten ibilaldi erreibindikatiboan. Aitor AROTZENA

Bidasoako Trenbidearen Laguna txartela egin duten 230 lagunen artean bizikleta baten zozketa ere egin zen

Alkaiagako Estazio Zaharra eta Montoiako tunela lotuz irailaren 22an, asteartea arratsaldean egin zen bizikleta ibilaldiarekin bukatu zen Lesakako Udalak antolatutako Mugikortasunaren Astea. Lesakako udal ordezkariekin batera, Beti Gazte elkartekoak, Irain eta Tantirumairu ikastetxeetako guraso eta haurrak, baita Berako ikastetxetakoak ere izan ziren ibilaldian.
Pedalei eragiten hasi baino lehen, zozketa egin zen Bidasoako Trenbidearen Lagunak txartela dutenen artean. Mattane Rodriguez, Lesakako kultur teknikariak aipatu zigunez, dagoeneko 230 lagunek egina dute txartela eta horiek sartu ziren 50 kasko eta mendi bizikleta baten zozketan. Hain zuzen, Iñaki Gonzalez Olaizola Berako Toki-Ona institutuko irakasle donostiarrari egokitu zitzaion mendi bizikleta. Hemendik aitzinera ere Bidasoako Trenbidearen Lagunak txartela egiteko aukera badagoela adierazi zuen Mattanek. Txartel honen jabe denak zenbait konpromiso hartzen ditu, hala nola gainontzeko erabiltzaileak errespetatzea, bidea aisialdirako eremu osasuntsu bezala erabiltzea eta zaintzea, trenbideko bide-seinaleak eta altzariak errespetatzea, bertan izan daitezkeen gertakari edo gorabeheren berri emateko 012ra deitzea edo bidea promozionatzekoeta mantentzeko antolaturiko ekintzetan parte hartzea.
Martxak izaera erreibindikatikoa zuen eta lehenbiziko asmoa, ibilaldi hasieran Alkaiagako tunelean N-121-A errepidetik pasatzea zen, denbora tarte ttiki batean, errepidea moztuz. Foruzaingoa ere jakinaren gainean zegoen, baina txirrindulariak abiatzekotan zirela, foruzainek alde egin zutela jakinarazi zuten. Beraz, bizikletak hartuta trenbidetik egin zuten bide osoa.
Ibilaldi honekin, Bidasoako trenbidea Endarlatsa eta Berrizaun artean berreskuratzea eskatu nahi zaio Nafarroako Gobernuari, eta sinatzeko agiri bat ere aurkeztu du Lesakako Udalak.

 

Agiria
Agirian adierazten denez, “errepideko lanak hasi aitzinetik, hiru tuneletatik bik argiztapena zuten, Lesakako Herriko Etxeak egindako inbertsioari esker. Telleriko tunela erabiltezin gelditu da, eta Onbordikoa luzatu egin da. Montoiakoak lehenago ere ez zuen argiztapenik, baina bai bide bat bazterretik hira saihesteko. Egun, bide hori desagertu egin da”. Gainera, tunel barrenetan ur-putzuak daude, eta Onbordikoan ura biltzeko sistema egina zen. Konponbide erraza du, eta Onbordikoan bezala Montoiakoan ere egin ahal izanen litzateke.
Lanak direla eta zola aunitz hondatu da eta biderik gehienean moldatu egin beharko litzateke. Segurtasunari dagokionez, zati batzutan segurtasun neurri bereziak hartu beharko liratekeela aipatzen da idatzian, adibidez, “Telleriko tunela desagertzearekin, ibilbide berria errepidearen paretik doa, eta bazterrean babes neurriak hartu beharko lirateke, Gipuzkoako zatian bezala”.
Alkaiagako bidegurutzeak ere aipamen berezia merezi du idatzian. Berako saihesbidea egin zenean Alkaiagako auzoa eta trenabidea bitan banatuak gelditu ziren. Gaur arte ez zaio irtenbiderik eman, eta bidegurutze horretan hildakoak ere egon dira. Trenabideko erabiltzaileak gero eta gehiag direnez, bi irtenbide ikusten dira: “Berako sarrera-irteerei irtenbide bateratua ematea, edo bide alternatiboa sortzea, Alkaiagako harrobitik Zalain Zokora joanen litzatekeena”.
Trenabiderako dauden proiektuak egitea kostako dela kontuan hartuz, guttieneko neurri hauek berehala hartzea eskatzen da idatzian, “modu honetan, trenabidea erabilgarri legoke eta elkarbizitza posible litzateke, bai arrantzaleekin, txirrindulariekin, ehiztariekin, turistekin, bertako bizilagunekin edota landetxe eta hoteletako bezeroekin ere”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun