500 lagunek bat egin dute Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek deituriko manifestazioarekin

Aitor AROTZENA 2009ko mai. 28a, 14:20
Zalain-Zokotik abiatu eta Berako Herriko Etxeko Plazara egin zuten ibilaldia. TTIPI TTAPA

500 lagunek bat egin dute Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek deituriko manifestazioarekin

Ez gaitezen engaina, sistema bera da balio ez duena izenburupean Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek deitutako manifestazioak 500 bat lagun bildu zituen maiatzaren 9an Beran. Deitzaileekin batera, ELA, LAB eta EHNE sindikatuek, Etxalar, Arantza, Sunbilla eta Bertizaranako udalek, Bera, Lesaka, Malerreka, Baztan eta Arantzako Gazte Asanbladek eta Baztandarren Biltzarra elkarteek bat egin zuten deialdiarekin. Zalain Transformados lantegitik abiatu eta Berako Herriko Etxeko plazarako bidea egin zuten, Alkaiagako industrialdetik pasatuta. Eskualdean ematen ari diren erregulazioen kontra, «kaleratzerik ez», «dirurik ez da falta, lapurrak soberan» aditu ziren, baita bertze hainbat ere. Beratik Iruñera Burniaren martxa akautu berria zuten Funverako hainbat langilek ere parte hartu zuten manifestazioan, euren buzo berdeak jauntzita. Herriko Etxeko Plazara ailegatuta, manifestariek kezkaz eta harriduraz ikusi zituzten Herriko Etxearen arkupetan margotutako pintadak. Falangisten izenean, egungo eta garai bateko alkate eta zinegotzien kontrako heriotz mehatxuak irakur zitezkeen.

Nekazarien egoera

Hizlarien txandan, EHNEko Mikel Altzuart-ek hartu zuen lehenik hitza eta sistemak Albako Dukesa bezalako lurjabe handiak laguntzen dituela salatu zuen, «%5ak dirulaguntzen erdia jasotzen duela» salatuz. Alde horretatik, «sistema lehen sektorea hiltzen ari dela» azpimarratu nahi izan zuen. Nekazaritza eta abeltzaintza azken 30 urteotan krisian daudela ere aipatu zuen: «orain dela 25 urteko prezioak ordaintzen dizkigute».

Funverako Langileen Batzordearen hitzak

Funverako langileek beraien lantegian egindako Lan Erregulazio Espedienteari buruzko datuak eman zituzten. ELAko Felix Espelosinek eta LABeko Dabit Iturriak beraien mobilizazioko adibidea kontuan hartuz, langileak elkartzeko beharra azpimarratu zuten. Izan ere, hiru eguneko Burniaren martxaren ondotik, maiatzaren 8an aurkeztu zuten beraien gorako errekurtsoa Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuan. «Urria arte lan aunitzekin egon gara eta hilabete batez EREa aurkeztu dute. Gure ustez, dirua aurreztu bakarrik egin nahi dute, etorkizuneko kaleratzeei aitzin egiteko».

Udalak ere krisian

Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak «kapitalismoa langileen kontura bizi dela» aipatu zuen eta manifestazioaren leloak zioen bezala, «sistemak bera dela balio ez duena». Irisarriren ustez, «krisiak ez dio EREan dauden edo kanporatuak izan diren langileei bakarrik eragiten, gizarte osoari baizik». Ekitaldia akautzeko, Josu Goiak Internazionala kantatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun