Pintada faxistak agertu ziren larunbat goizaldean Bera eta Lesakako Herriko Etxeetan

Aitor AROTZENA 2009ko mai. 11a, 14:17
Goitiko argazkian Lesakako Herriko Etxeko arkupetan agertutako pintadak eta beheitikoan Berakoak. TTIPI TTAPA

Falangeak sinatuta, Berako alkate eta alkate eta zinegotzien kontra eta preso eta bertze pertsonen kontrako heriotz mehatxuak egiten zituzten

Larunbat goizaldean Bera eta Lesakako Herriko Etxeetan eskuin muturrak egindako pintada faxistak agertu ziren. Pintada horietan falangeak Berako alkatea eta zinegotzi ohi batzuk, presoak zein bertze herritar batzuk mehatxatzen ditu, eta “Euskara bai komunismoa ez”, “Pakerik ez, beldur izan zaitezte” edo “Orain gere terrorismua asi bihar da” bezalako esaldiak ageri dira, uztarria eta gezien irudiarekin hornituak.

Amaiur, Doneztebe, Lesaka, Bera…

Azkeneko boladan maiz agertu dira horrelako pintadak eskualdean. Donezteben Islamari buruzko erakusketa bat hartzen zuen egoitzan agertu ziren lehenik, Amaiurren Nafarroako konkistaren 500 urteurreneko karietara egin zen ekitaldian oroigarria ere pintada faxistez hornitua agertu zen, Lesakan ere elizarako bidean heriotz mehatxuak agertu ziren eta orain Berako eta Lesakako Herriko Etxeetan agertu dira. Gertakari horien aitzinean Nafarroako Gobernuak zein bertzelako erakunde batzuek erabateko isiltasuna mantendu dutela salatu du Aralarrek.

Aralarren salaketa

Modu berean, Aralarrek pintada hauek salatu ditu eta bere elkartasun osoa agertu nahi die idatzietan ageri diren pertsonei eta mehatxatutako guziei. Pintada horiek larunbat goizean Berako Herriko Etxean agertzea ez da kasualitatea Aralarren arabera, EREen aurka deitutako manifestazioa bertan bukatu baitzen. Gisa honetako erasoek eskualdeko bizilagunen ohiko bizimoduaren kontra egiteko baino ez dutela balio uste du Aralarrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun