Begiraleen lan poltsa osatu nahi du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak

TTIPI TTAPA 2009ko mai. 7a, 12:51

Maiatazren 29a baino lehen aurkeztu behar dira eskaerak

Begiraleen lan-poltsa osatzeko deialdia egin du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Alde batetik, begirale arduraduna lanposturako poltsa osatuko da eta hir sartzeko, Batxilergoa edo Goi Mailako Lanbide Heziketa titulua izan behar da eta Aisialdi eskola batek egiaztatutako begirale titulua. Begirale lanpostu poltsarako, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza izatea aski da. Bortzirietako Euskara Mankomunitatetik jakinarai dutenez, zerrenda bereziki udaleku irekietarako begiraleak kontratatzeko erabiliko da.

Maiatzaren 29a baino lehen

Eskaerak maiatzaren 29ko eguerdiko 12:00ak baino lehen Bortzirietako Euskara Mankomunitatean aurkeztu beharko dira, e-posta bidez (euskara@bortziriak.org) edo helbide honetara idatziz: Herriko Plaza 7, 31790 Arantza. Baloratuko diren merezimendu eta gainerako xehetasun guziei buruzko informazioa ere helbide horietan edo 948 634125 telefonora deituz eskuratzen ahal da.

Ikastaroak maiatzaren 9an eta 16an

Bertze aldetik, gogoratu behar da begirale, hezitzaile eta monitoreentzako ikastaroa antolatu dutela Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Maiatzaren 9an, larunbatarekin, “Soziolinguistika aisialdian eta hezitzaileen eginkizuna hizkuntza normalizazioan” ikasgaia emanen da eta astebete beranduago, maitzaren 16an, “Baloreetan hezten: kultur aniztasuna eta berdintasuna” ikasgaia. Ikastaro bakoitzak sei ordu iraunen du, guztira 12 ordu, goizeko 9:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era. Izen ematea maiatzaren 8a bitarte egiten ahal da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun