N-121A errepideko lanen segimendu batzordea bildu zen martxoaren 26an

TTIPI TTAPA 2008ko mar. 28a, 10:39
Herrilan kontseilariak, Bortzirietako alkate eta zinegotziekin batera errepideko lanak bisitatu zituen bileraren ondotik. TTIPI TTAPA

Herrilan kontseilaria, Bortzirietako alkateak eta enpresetako arduradunak elkartu ziren

N-121-A errepidean, Etxalar eta Endarlatsa arteko lanen segimendua egiten duen batzordeak bilera egin zuen asteazkenean, martxoaren 26an. Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilaria, Laura Alba Cuadrado buru egin zuen bilera honetan eta berekin batera, departamentu horretako goi karguak, Herrilanetako zuzendari nagusia edo Bide Zerbitzuko zuzendaria errate baterako, enpresa kontratisttetako arduradunak eta Bera, Etxalar, Igantzi, Lesaka eta Arantzako alkate eta zinegotziak izan ziren.

Lanen egoera

Bilera honetan, lanen egoeraren berri eman zen eta alkateek nahiz kontseilariak bat egin zuten, obrek irauten duten bitartean ibilgailu astunek ahal den neurrian errepide honen ordezkoren bat bilatu beharko luketeela eskatzerakoan, honela trafikoaren azkartasuna eta segurtasuna hobetuko baitira. Modu berean, egitura ezberdinak montatzeko behar diren mozketak egiteko garairik egokienak zein diren ere aztertu ziren bileran eta ondotik, bisita egin zuten lanen hiru zatietara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun