Migrazioaren gaia orain zazpi-zortzi urte lantzen hasi zen gure eskualdean, garai horretan hasi baitziren etortzen. Dena den, migrazioaren fenomenoa ez da gaurkoa. Gure herrietan fabrikak irekitzen hasi zirenean jende aunitz etorri zen horietara lan egitera, eta batzuk bertan bizitzen geratu ziren. Gehienak espainiar estatukoak ziren, eta azken azkenaldian etorritakoak, aldiz, atzerrikoak gehienbat Dena den migrazioaren kontuak ez du erran nahi beti gurera etortzea. Garai batean bizimodu hobe baten bila alde egiten zuten hemendik beste zenbait lurraldetara. Gaur egun gauza bera gertatzen da, baina alderantziz. Hortaz, ez zaigu hain zaila egin behar beraien larruan jarri eta bizi duten egoera ulertzea.
Bortzirietan migrazioaren gaia lantzen ari dira zenbait eragilek eta helburua kultur aniztasunaren egoera berri honetan elkarrekin bizitzen ikastea da. Bortzirietako errealitatea aunitz aldatu da eta Bortzirietako euskara eta oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateen ekimenez ikerketa bat egin zen. Ikerketa horren lehen fasean, herriz herri Bortzirietako erroldako datuen azterketa egin zen. Arantzan 655 pertsona bizi dira eta horietatik 6, hau da %0,92 Euskal Herri kanpotik etorritakoak dira. Beran 3.740 pertsona bizi dira eta %13,93, hau da, 521 kanpotarrak dira. Etxalarren 837 pertsona bizi dira eta kanpotarrak 78 dira, %9,32. Igantzin 611 pertsona bizi dira eta horietatik 18, %2,94 kanpotik etorritakoak dira. Lesakan 2.687 pertsona bizi dira eta hauetatik 250, hau da, %9,3 kanpotik etorritakoak dira. Hortaz, Bortzirietan guztira 8.530 pertsona bizi dira eta horietatik 873, hau da, %10 gutxi gora behera, kanpotik etorritakoak dira. Hauetatik 572 Europar Batasunekoak dira, 181 Hego eta Ertamerikatik, 92 Europatik, 14 Magrebetik, 10 Ameriketako Estatu Batuak eta Canadatik eta bertze 4 bertze hainbat tokitik.
Bortziriak Mugarik Gabe Topaketak
Ikerketan lan hau egiteaz gain, “Mugarik gabe” aldizkaria kaleratu eta topaketak egin dituzte. Modu honetan 2007ko ekitaldiak iraila eta urrian gauzatu dira Lesaka, Bera eta Etxalarren.. Lesakan irailaren 23an “Ni ere pertsona” izeneko erakusketa zabaldu zen Beti Gazte elkartearen egoitzan eta “Neska politak, artasoro alaiak” antzerki emanaldia egin zen Casino elkartean. Irailaren 25ean etorkinen eskubideen aldeko manifestuaren irakurketa eta sinadura ekitaldia egin zen Beti Gazte elkartearen egoitzan eta Mario Zapatak “ Euskara eta kultura aniztasuna” izeneko hitzaldia eskaini zuen. Etxalarren irailaren 28an “Ni ere pertsona” erakusketa zabaldu zen eta etorkinen aldeko manifestuaren irakurketa eta sinadura ekitaldia egin zen. Segidan, Sos-Arrazakeriak taldeko kidea den Agustin Unzurrunzagak hitzaldia eskaini zuen. Urriaren 1ean marrazkiz lagundutako ipuin kontaketa egin zen. Beran urriaren 3an “Ni ere pertsona” erakusketa zabaldu zen eta Jon Maiak hitzaldia eskaini zuen, “Nire familiaren historia: Extremaduratik Euskal Herrira” izenburupean. Urriaren 5ean Victoria Mendozaren eskutik, “Etorkinak Euskal Herrian” solasaldia izan zen. Berako kiroldegian futbol txapelketa azkarra egin da. Ligaxka irailaren 22an hasi zen, kanporaketak irailaren 29an egin ziren eta finala urriaren 7an egin da.
Besta egun handia Beran
Topaketa hauei bukaera emateko, urriaren 7an jaialdia egin da Berako Ricardo Baroja ikastetxeko frontoian. Lehenik bertsolarien saioa egin zen Xabier Silveira eta Julen Zelaietarekin. Ondotik Hego Ameriketako eta Bortzirietako dantza taldeen eskutik, folklore erakustaldia egin zen… Etorkinen eskubideen aldeko manifestuaren irakurketa eta sinadura ekitaldia egin zen. Aipatu moduan, futbol txapelketa azkarra egin da eta igandean sari banaketa egin da. Honakoak izan dira saritutako taldeak: 1.Los Julianos 2.Amigos 3.The Tieso Los Julianos talde irabazleak garaikurra eta Zalain jatetxean bere partaideentzat afaria irabazi zuen. Kiroltasunaren saria irabazi zuen Amigos taldeak. Musikak ere tarte bat hartu zuen eta hizkuntza ezberdinetan kantatutako abestiak aditzeko aukera izan zen… Eta musikarekin jarraituz, Berako abesbatzak ere saiotxo bat eskaini zuen. Besteak beste, “Maite”, “Festara”, …eskaini zituzten. Euskal Herrian eta baita atzerrian ere, topaketetan gastronomiak tarte handi bat hartzen du. Atzerriko plater eta gustagarriak eskaini zituzten:Taloak, mojitoa, Argentinako haragia, dultzeak, pintxoak… Topaketa eta ekitaldi arrakastatsuak izan dira Mugarik gabe jardunaldiak.