Bortziriak Mugarik gabe jardunaldiak aurkeztu dituzte

Goizalde URDANPILLETA 2007ko ira. 20a, 19:14
Egitarauaren aurkezpena egin dute gaur eguerdian Beran TTIPI TTAPA

Ni ere pertsona izeneko erakusketa herriz herri ibiliko da

Bortziriak Mugarik Gabe jardunaldiak aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute ortzegun eguerdian Berako liburutegian. Ekitaldian, Patxiku Irisarri, Deñe Abuin eta Marisol Taberna, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko ordezkariak eta Lucho Blanco eta Pedro Ibarburi, Inti Kausay Berako etorkinen elkarteko ordezkariak izan ziren. Badira zenbait urte Bortzirietan inmigrazio gaiak lantzen direla. Beran, udalaren ekimenez, duela zenbait urte sortu zen gai hau aztertzeko lan taldea. Ondotik, Inti Kausay Berako etorkinen elkartea sortu zen. Mugarik Gabe topaketa Beran egin da azken urteetan, baina aurten Bortzirietara zabalduko da.

Egitarau zabala prestatu dute eta guztiei hasiera emateko futbol txapelketa larunbat honetan. Taldeek ligaxka jokatuko dute Berako kiroldegian, goiz-arratsaldez; heldu den larunbatean, irailaren 29an, kanporaketak jokatuko dira, eta final haundia urriaren 7an. Baina izanen da bertzelakorik ere Lesakan, Etxalarren eta Beran. Lesakan, erraterako, igande honetan hasi eta 27a bitarte, Ni ere pertsona izeneko erakusketa zabalduko da Beti Gazten, 18:00etatik 20:00etara. Egun berean, Neska politak, artasoro alaiak antzerki emanaldia eskainiko dute Kasinon, 19:00etan.

Etorkinen eskubideen aldeko manifestuaren sinadura ekitaldia irailaren 25ean Lesakan

Irailaren 25ean, etorkinen eskubideen aldeko manifestuaren sinadura ekitaldia eginen da Beti Gazten, 19:00etan. Ondotik, hitzaldia Mario Zapatak eskainia: Euskara eta kultura aniztasuna. Etxalarrek irailaren 28an hartuko du lekukotza, eta Lesakan irekitako Ni ere pertsona erakusketa Kultur Etxera eramanen dute urriaren 2a bitarte (16:30etik 19:30era). Manifestuaren ekitaldia Kultur Etxean eginen da 19:00etan. Egun berean, Agustin Untzurruntzaga SOS-Arrazakeriako kideak, Repaso a la problematica de la inmigracion y la extranjería hitzaldia eskainiko du Kultur Etxean, 19:30ean. Urriaren 1ean Kontu Kantoiren eskutik, ipuin kontaketa izanen da marrazkiz lagundua, 17:00etan.

Berara urriaren 3an ailegatuko da Ni ere pertsona erakusketa.Hilaren 7a bitarte Kultur Etxean egonen da (18:00-20:00). Urriaren 3an Jon Maiak Historia de mi familia: De Extremadura a Euskal Herria hitzaldia eskainiko du Kultur Etxean 19:30ean. Bi egun beranduago, urriaren 5ean, leku eta ordu berean, bertze hitzaldi bat Victoria Mendozak eskainia: Inmigrantes en Euskal Herria. Topaketari akabera emateko egun haundia urriaren 7a izanen da, 17:00etatik aitzinera ekitaldi andana izanen baita Altzateko frontoian: Xabier Silveira eta Julen Zelaieta bertsolariak, Hegoameriketako eta Bortzirietako folklorea, manifestuaren irakurketa eta sinadura ekitaldia, futbol txapelketa azkarraren sari banaketa, topaketa gastronomikoa (kanpoko eta bertako gastronomia), Berako Abesbatza, eta Batuka eta mojitoa, Barbaro Soloren eskutik.

Gainera, aldizkari bat osatu eta egunotan banatzen ari dira Bortzirietan etxez etxe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun