Lesakako taldeak finalerako txartela eskuratu du

ttipi-ttapa 2007ko eka. 22a, 13:15

Nafarroako Herrien Arteko Txapelketaren finalean eskualdeko bi herri arituko dira, Lesaka eta Baztan

Ortzegunean Lesakako Arkupeak taldeak, Belate elkarteak antolatzen duen Herrien Arteko Pilota Txapelketaren finalerako txartela lortu du finalaurrekoan Igantziko taldea 2 eta 1 irabazi eta gero. Heldu den igandean BaraƱainen jokatuko den finalean, Baztango taldearen aurka aritu da.

Ortzegun arratsaldean Lesaka eta Igantziko taldeen ordezkariak bat bertzearen aurka aritu ziren hiru mailatan, benjaminetan, kimuetan eta haurren mailan. Berako Eztegara pilotalekuan jokatu zen finalerdia benjaminen partidarekin hasi ziren, Igantziko Oihan Canabal eta Xabat Matxikote, Lesakako Jon Ubiria eta Joel Oronozen aurka. Azken bi hauei esker Arkupeak taldeak lehen puntua eskuratu zuen 18 eta 9 nagusitu baitziren. Bigarren partida, kimuen mailakoa izan zen. Unai Telletxea eta Mikel Begino igantziarrak bi herrien arteko norgehiagoka berdindu zuten Mattin Arbelaiz eta Unai Zamora lesakarren aurka 18 eta 12 irabaziz. Bi herriek puntu bana zutela, finalerdia haurren mailan erabakiko zen, eta horren ardura, Eneko Telletxea eta Iker Rojo igantziarren, eta Mikel Maia eta Josu Sanjurjo lesakarren ardura izanen zen. Mikel eta Josuk ederki ulertu zuten finalerako txartela haien esku zegoela, eta Eneko eta Ikerri ez zieten aukerarik utzi. Partida 18 eta 6 irabazi zuten Lesakako taldeari bigarren puntua emanez.

Bi eta bat nagusituta beraz, lesakarrek finala jokatuko dute heldu den igandean. Haien aurka Baztango taldea izanen dute hauek bertze finalerdian Ultzamako taldearen aurka 3 eta 0 nagusitu baitira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun