Lesakan, Irain Eskolan obrak eginen dituzte, eta Beran, Zalaingo ur hornidura hobetuko

ttipi-ttapa 2007ko eka. 12a, 14:44

Lesakako Irain Eskolan moldaketan lan batzuk burutzeko lanen adjudikazio deialdia zabaldu du herriko udalak. Gisa berean, Berako udala Zalain auzoko ur hornidura hobetzeko tramiteak egiten ari da.

Udako oporrez aprobetxatuz, Lesakako Irain Ikastetxe Publikoan teilatuaren zaharberritzearen lehen zatiari ekinen diote, hau da jangela eta gimnasioko teilatua. Guzia berritzearen aurrekontua 158.000 eurokoa da BEZik gabe eta aurten lehen zatia besterik ez badute burutuko ere lau urtez luzatuko den obra osoa atera dute lehiaketara. Interesatuak diren enpresek uztailaren 11 arte izanen dute haien proposamena aurkezteko eta haien proposamena onartua izanez gero azaroaren 15a arte izanen dute lehen zatia bukatzeko.

Bestalde, Beran, Zalain auzoko ur hornidura hobetzeko ur batzuen baliatzeko baimena eskatu dio Udalak Iparraldeko Ur Konfederazioari. Proiektuaren arabera ur-hartzeak, Sarraia, Montoia eta Txuriborda erreketan eginen lirateke bolumena segundoko 6,7 litrokoa izanen litzatekeelarik. Hartzen den ura bat eginen luke 1000m kubiko ur-biltegi batean, eta hortik aitzinera 160mmko hodi baten bitartez banaketara zuzenduko litzateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun